"Telebistako eredutik ihes egin eta gertuko kontuez hitz egitea nahiago dut; zero kilometroko umorea atsegin dut"
Ausardia behar da lehen aldiz agertoki batera igo eta hamarnaka pertsonen aurrean bakarrizketa bat egiteko. Hamazazpi urteren ostean hor goian jarraitzeko, berriz, talentua da behar dena; ‘Txiki’-k duenaren modukoa.
Zergatik aukeratu duzu Trikuharri taberna?
Iparraldean esaten den modura, Antigua nire sorlekua da. Betidanik ibili izan naiz auzoan gauzak antolatzen, eta sozialki asko mugitu naiz hemen, duela hamabi urte Altzara bizitzera joan nintzen arte. Trikuharri, Platero eta Antiguotarraken inguru honetara natorren aldiro, ezagunen batekin egiten dut topo.
Auzoan estreinatu zinen komiko gisa, puzkerrei buruzko bakarrizketa batekin.
Bai, Candelan [Egungo Doka]. San Juan jai batzuetan bakarrizketa txapelketa bat antolatu zuten, eta hor parte hartzera animatu ninduen lagun batek. Bideo batzuk ikusi, zerbait idatzi eta aurrera. Horrela galdu nuen nire ‘birjintasun komikoa’, Jon Plazaola eta Alex Rabanalekin batera. Horrela hasi nintzen, eta geroztik hamazazpi urte pasa dira jada.
Nola iraun horrenbeste denbora soilik puzkerrei buruz bakarrik hitz egiten?
Hogei minututik gorako bakarrizketa zen, eta urte eta erdiz errepikatu nuen. Puzker ezberdinei buruz hitz egiten zuen. Nola iraun horrenbeste? Ez dakit, gauza txikietan fijatu behar zara eta horiek kontatu. Ez da erraza, baina denboraren poderioz lantzen zoazen zerbait da.
Orain, adibidez, 40 urteen krisiari buruzko beste saio bat egiten ari naiz. Hor kontatzen dut nola adin horrekin jendea hasten den mendian korrika egiten edo pultsua neurtzeko erlojuak erosten. Oraingo guraso modernoen eta lehengo gurasoen arteko konparazioa egiten dut, gauza asko aldatu direlako. Eta baliabide mordoa erabili dezakezu: anai-arreben artean pasatzen zihoan arropa, supositorioak, lehengo parrandak…
Umore ‘sanoa’ egiten saiatzen zarela esan izan duzu.
Telebistako bakarrizketen eredutik ihes egiten ahalegindu naiz. Sexua, drogak, alkohola, polizien kontrolak… Gai horiez baino gehiago, nahiago dut gertuko kontuez hitz egin. Hemengo jendeak hemengo gauzak ezagutzen ditu, eta gaiek hortik joan behar dute. Txosnei buruz, adibidez, gauza asko esan daitezke. Zero kilometroko umorea egitea atsegin dut.
Zer gehiago duzu eskuen artean?
Bakarrizketaz gain, beste proiektu batzuetan sartuta nago. Saioa Royorekin batera Aldatzen Laguntzen izeneko antzerki taldea sortu nuen 2010ean, eta geroztik hainbat antzerki egin ditugu elkarrekin. Orain, sexu eraso baten inguruko epaiketa baten antzerkia prestatzen ari gara. Botere judizialak biktimei egiten dien tratu txarra azaleratzen dugu obran, sarean bildu ditugun kasu errealekin, epaiketa baten istorioa osatuz. Drama indartsua izango da, eta datorren urteko otsailean estreinatuko dugu.
‘Nafarman’ kanala ere sortu duzu Youtuben. Zer da hori?
Euskaldunei nafar izaera zein den berrikusiarazi nahi dien heroia da. Umorezko esketx laburrak egiten ditugu, minutu eta erdikoak, gero Youtubera igotzeko. Pixkanaka aurrera doan proiektua da.
Bideoetan Ipar Euskal Herriko euskalkia erabili ohi duzu, ordea.
Iparraldea eta Iparraldeko jendea asko atsegin ditut, eta baita Euskal Herria bizitzeko duten modua ere. Beraientzako erronka bat da egunero euskaraz bizi eta kulturalki lan egitea, eta jarrera hori miresten dut.
Amets Zirkoa salgai! izeneko antzerkian Iparraldeko bi pertsonaia sartu nituen, eta geroztik jendeak ‘prefosta’ eta ‘izan untsa’ esaten hasi zait kaletik. Bakarrizketetan ere hasi nintzen Iparraldeko euskara erabiltzen.
Antzerki horretan sorkuntzaren inguruko gogoeta egiten zenuten.
Antzerki proiektu bat sortu eta aurrera eramatea zeinen zaila den erakusten zuen. Herrietako antzerkietara zoaz eta oso pertsona gutxi etortzen dira ikustera. Kulturak jende gutxi mugitzen du, euskal gizarteak hizkuntza eta kultura gutxi sentitzen dituelako. Horiek gure erroetan sartzen ez baditugu ez du ezertarako balio Euskal Herria oihukatzea. Iparraldean hori oso barneratuta dute, eta uste dut hori dela guztiok jarraitu beharko genukeen bidea.
Eta zuk, nola sortzen duzu?
Imajinazio handia daukat, eta etengabe ibiltzen naiz ideiak jasotzen, telebistan, kaletik, mendira noanean… Batzuetan, adibidez, Gaizkak [argazkiko tabernaria] esandako zerbaitekin geratu naiteke, eta horri bueltak emanez, umoretik bidaiatu eta istorio bat sortzen dut.
Musikan ere aritu zara, La Pop’lla taldeko abeslari gisa.
Nik Evaristo izugarri atsegin dut, eta niretzat aspaldiko ametsa zen horrelako zerbait egitea. Talde tributoen eredua ez zegoen oraindik horren zabaldua, baina Antiguako jaietako kontzertuetarako diru gutxi zegoenez, La Pop’lla sortzea erabaki genuen.
Denborarekin, gero eta kontzertu gehiago eskaintzen hasi ginen, eta Soziedad Alkoholika eta Reincidentesekin batera jotzera iritsi ginen. Auzoko jai haietako ideiak arrakasta izan zuen eta asko gozatu dugu horri esker.
Zer iruditu zaizu La Pollak atera berri duen albuma?
Niri ederki iruditu zait, jende askok kritikatu dituen arren. Euskaldunok beti begiratu izan dugu ondoko baserria, eta besteek egiten dutena gehiegi epaitzen dugu. Ziurrenik, bere garaian taldeak ez zuen orain aterako duen dirutza aterako, eta tiraldia aprobetxatu dute, besterik gabe. Inozoa izan beharra dago diruagatik egiten ez dutela pentsatzeko.
Euskal Herriko herrien izenen inguruko bakarrizketaren bideoa birala egin zen. Noizko Donostiako auzoena?
Bakarrizketa Gaztea-n bota nuen, eta bideoan grabatu zuten. Sorpresa polita izan zen horrenbeste zabaldu zela ikustea, batik bat euskarazko eduki bat Whatsapp bidez hedatu delako. Horrek harro sentiarazi ninduen.
Donostiako auzoek ere luze hitz egiteko eman dezakete, hori argi dago. Ikusiko dugu aurrerago…
HAMABIETAN BERMUTA. Ardo beltza eta ganba eta hirugihar pintxoa.
Non. Trikuharri taberna (Antigua).
Prezioa: 4,10 euro.