Zinema ikasleen nazioarteko topaketan parte hartzeko izen-emate epea irekiko dute
Larunbatean, ekainaren 1ean, zabalduko dute 67. Donostiako Zinemaldiko Nest Film Students zinema ikasleen nazioarteko topaketan parte hartzeko izen-ematea. Ikus-entzunezko esperientziak elkarbanatzea du helburu topaketak, eta irailaren 23tik 27ra egingo dute.
Euren film laburrak aurkezten dituzte ikasleek topaketan, eta zinema munduko profesionalen bileretan eta eskola magistraletan hartzen dute parte. Zinema eskola bakoitzak hiru film aurkeztu ditzake gehienez, denak azken 12 hilabeteetan egindakoak, eta hamabost film izango dira topaketan parte hartzeko hautatuak. Epaimahaiari dagokionez, topaketan parte hartuko duten ikastetxeetako ikasleek eta zinema munduko pertsona ezagun batek –antolakuntzak ez du jakinarazi oraindik nor izango den– osatuko dute. Irabazleak 10.000 euroko saria irabaziko du, iazko sariaren bikoitza.
Topaketan parte hartzeko araudia Zinemaldiaren webgunean topatu daiteke, eta izen-ematea horren bitartez egin behar da, baita ere.