Alfredo Garcia omendu du Donostiako Udalak
Donostiako Udalak gogora ekarri du Alfredo Garcia, 1976an ETAk hil zuena atentatu batean. Haren familiak Askatasunaren Hiribidean jarri den plaka desestali du. Juan Maria Araluze, Jose Maria Elizegi, Antonio Palomo eta Luis Francisco Sanzen oroimenez jarritako beste lau plaken ondoan dago. Atentatu berean hil ziren, eta martxoaren 23an jarri ziren plaka horiek.
Omenaldian Eneko Goia alkateak eta udaleko beste hainbat kidek parte hartu dute, Garciaren sendiarekin batera. Ekitaldiaren aurretik, harrera egin diete udaletxean, eta han jaso dute plakaren replika bat.
Plaka oroigarri hauek udalak justizia, memoria eta erreparazioaren gainean hartutako konpromisoari lotuta sustatutako lehenak dira. Giza Eskubidearen Batzordean legealdian zehar egindako lanaren ondorioa dira. Horretarako, Udalak biktimen zein biktimen elkarteen iritzia jaso eta jarraitu du.
Udalaren asmoa da ildo ezberdinetako terrorismoak (ETA, Batallón Vasco Español, GAL) eragindako biktimak zein 1960 eta 2010 artean poliziaren bortizkeriak eragindako biktimak oroitzeko plakak jartzea. Eta horretarako, prozesu luzea garatu du biktima bakoitzaren senideekin hitz eginez eta bakoitzaren borondatea errespetatuz.