Bera Berak bere taldea indartu du Manuela Pizzo eta Mirene Morenorekin
Aldaketa ugariko denboraldi amaiera ari dira bizitzen Bidebietan. Izan ere, Bera Berak garrantzi handiko jokalari asko agurtu ditu azken asteetan, eta era berean, datorren denboraldian taldea indartzen lagunduko duten fitxaketa berriak egin ditu.
Emma Boada bartzelonarraren fitxaketa aurkeztu zenetik, Manuela Pizzo argentinarra eta Mirene Moreno ermuarra izan dira Imanol Alvarezen taldearen azken errefortzuak, ezker hegaleko jokalariak biak. Pizzok 28 urte ditu eta Rocasarekin liga irabaztetik dator. Gainera, Argentinako selekzioarekin ia ehun partida jokatu ditu eskarmentu handiko jokalariak.
Morenok, berriz, 20 urte ditu, eta zilarrezko mailan Errotabarrin jokatzetik dator. Ermuarra golegile iaioa da, ordea, eta Alvarezek gertutik ezagutzen du, talde bizkaitarrean urteetan zehar bere entrenatzailea izan zelako.