'Bikografiak' egitasmoaren lehen saioa egingo du Bagera elkarteak ekainean
Bagera euskaltzaleen elkarteak antolatutako biografia linguistikoak oinarrian hartuko dituzten solasaldi informalak izango dira ‘Bikografiak’, eta euskararen biziberritzearen gako nagusiak lantzea izango dute helburu. Bagerak azaldu duenez, gai soziolinguistikoek herritarren bizitza pertsonaletan eta eguneroko bizitzan duten isla jarri nahi dute ageriak. Lehen saioa ekainaren 13an egingo dute, 19:00etan Tobacco Days liburu-dendan, eta Begoña del Teso zinema-kritikari eta kazetaria eta Jon Garaño zinema zuzendari, gidoilari eta ekoizlea elkarrizketatuko dituzte. Saioa Ion Olanok gidatuko du.
Ekaineko egitaraua
Horretaz gain, egitarau zabala prestatu du Bagera elkarteak hilabete osorako:
- Ekainak 3: Elkarrizketa filosofikoak. Ikasturteko azken saioa izango da, eta Agustin Arrieta EHUko filosofia irakaslea izango da erlijioaz eta identitateaz hitz egiteko gonbidatua. Urrats euskaltegian izango da saioa, 19:00etatik 20:30era.
- Ekainak 13: ‘Bikografiak’. Tobacco Days liburu-dendan, 19:00etan.
- Ekainak 14: Mintzalaguna egitasmoak 25 urte. Egitasmoaren urteurrena ospatu dute ekitaldi berezi batekin. San Telmo Museoan izango da, 19:00etan. Ondoren, 21:00etan, afaria egingo dute Kresala elkartean. Txartelak Bagera elkartean daude salgai, 20 eurotan.
- Ekainak 23: San Joan bezperako usadioak eta erromeria. Sorginen gaua zenez, San Joan lore-sortak egitea zen Euskal Herriko ohitura zaharra San Joan bezperan, gaitzak saihesteko, etxea babesteko eta urte osorako osasuna ziurtatzeko. Ohitura hori berreskuratu nahi du Bagerak, eta urteroko legez, lore-sortak egiteko landareak banatuko dituzte Aieten, Antiguan, Bidebietan, Egian eta Saguesen. Horretaz gain, Erromeria ere egingo dute 19:00etatik aurrera Konstituzio plazan. Nora Garcia eta Jone Murua izango dira dinamizatzaileak eta Donostiako Udaleko Txistularien bandak lagunduko diete.
- Uztaila eta abuztua: Udako mintza taldeak. Mintzapraktikarako taldeak osatuko dituzte uztailean eta abuztuan, eta hilabete batean edo bestean parte hartzeko aukera egongo da. Funtzionamendua astean behin ordubetez euskarazko mintzapraktika egitea izango da. Parte hartzeko izen-ematea larunbatean, ekainaren 1ean, zabaldu zuten, eta hilaren 21era arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi izanez gero, elkartearekin harremanetan jarri beharra dago mintzalaguna@bagera.eus helbidean edo 943005074 telefono zenbakian.