'Elkarrekin Gehiago Gara' egitasmoa egingo dute Impact Hub gunean
Gipuzkoako gazteen gaitasuna antzematea du helburu Elkarrekin Gehiago Gara egitasmoak, gazte horien sormena eta ekintzailetasuna bideratzeko. Herrizomak, Gipuzkoako Ekintzaileen Elkarteak, jarri du abian eta Donostiako Impact Hub Donostian garatuko dute.
Hezkuntza eraldatzeko programa aurrera eramateko, hainbat ikastaro egingo dituzte. Ostiralean eta larunbatean, Burua eta Bihotza irekitzen hezkuntza eta nerabetasunari buruzko ikastaroak egingo dituzte Kutxa Kultur Plazan, Tabakalerako 4. solairuan. Gurasoei, irakasleei eta hezkuntza eta nerabeen arduraren inguruan ikuspegi berriak jasotzera irekita dagoen edozein pertsonari zuzendurikoa da.
Ekainaren 7an, Entre Maestros dokumentala proiektatuko dute (17:15), eta egitasmoaren aurkezpena egingo dute (19:45). Ekainaren 8an, berriz, ikastaro esperientziala eskainiko du Eva Sandovalek (10-00-14:00).
Uztailean, berriz, Ni Neu Izateko Udara programa intentsua egingo dute. Hiru astekoa izango da (astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 14:30etara), eta 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta (Gipuzkoako 8 neska eta 8 mutil). “Helburua norberaren barnean begiratzera gonbidatzea da. Berritasuna eta bizitzeko gogoa esnatuz eta gazteen energiaz eta pasioaz baliatuz”. Boluntariotza proiektu bat garatuko dute gazteek.
Lehenengo astean, gazteak prozesuan sartuko dira modu progresibo eta arduratsuan, norbanakoaren barne-ezagutzan eta paradigma berrietara irekitzean oinarrituz. Bigarren astean, bestearekin konektatzea eta elkarri eragitea izango dute oinarri, begirada gardenago batetik aurreiritzirik gabekoa. Eta oinarria harreman pertsonaletan jarrita, bai familiarekiko bai bikotearekiko harremanetan. Hirugarren eta azken astean, amets pertsonalekin harremanetan jarriko dira, amets horiek betetzeko helburuak finkatuz eta helburu kolektiboaz finkatuz.
Egitasmoaren eta jardueren informazio gehiago topa daiteke Impack Hub gunearen webgunean.