Gladys del Estal izena jarri diote EHUko Informatika fakultateko batzar aretoari
Gaur, ekainaren 3an, 40 urte bete dira Guardia Zibilak Gladys del Estal erail zuenetik. Ordutik, urtero oroitu dute Egiako gaztea, eta aurten programa berezia antolatu dute Gladys Gogoan plataformako kideek. Del Estalek informatika ikasketak egin zituen, eta EHUko Informatika Fakultateak ere ez du galdu nahi izan militante ekologista omentzeko aukera.
Gaur goizean hamarnaka lagun bildu dira Ibaetako kanpusean Del Estal gogoratzeko: Del Estalen ikaskide ohiak, lagunak, militantzia kideak, fakultateko langileak, eta abar. Lehenik ekitaldiaren aurkezpena egin dute hainbat pertsonaren artean fakultateko Ada Lovelace aretoan; hitza hartu dute Txelo Ruiz EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak, Alexander Mendiburu Informatika Fakultateko dekanoak, Xabier Laka Arte Ederretako irakasleak, Iñaki Alegria EHUko irakasle eta Gladysen fakultate kide ohiak, eta Isabel Fernandino Gladys del Estalen lagun eta fakultateko kideak.
Fakultateko bilera aretoari Gladys del Estal izena jarri diotela kontatu dute aurkezpenean, eta ekitaldiaren ondoren inauguratu dute. Han jarriko du Xabier Lakak Gladys del Estalen omenez egindako lan grafiko bat. Gero, eraikinaren kanpoaldean aurreskua dantzatu dute hainbat irakasle, militante ekologistaren omenezko zuhaitzaren eta plaka oroigarriaren aurrean. Ekitaldian parte hartu dute Gladysen hainbat senidek, eta haiei lore sorta bat eman diete.
Azkenik, Eguzki taldeak Gladysen inguruan egindako erakusketa inauguratu dute, gaurtik hilaren 15era bitartean ikusgai egongo dena. Erakusketa EHUko Informatika Fakultateko sarreran kokatu dute.