Munduko agintari nagusiei 'ongi etorria' egin die kaian G7 Ez plataformak
G7 Ez plataformak ekimen xelebrea egin zuen igandean Donostiako kaian. Abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen egingo den G7-aren gailurraren berri emateko asmoz, herri mugimenduko kideek ‘ongi etorria’ egin zieten bilkuran parte hartuko duten lider politikoei.
Eguerdi aldera, Donald Trump, Angela Merkel, Emmanuel Macron, Shinzo Abe, Justin Trudeau, Theresa May eta Donald Tusk Kontxako badian agertu ziren, txalupa batean igota. Ez ziren benetakoak, noski, baina maskaradun aktoreek kaian zeuden herritar eta turisten ikusmina piztu zuten euren agerraldiarekin.
Hondartzako eta nautikoko jendea agurtu ostean, agintariak kaian lehorreratu ziren Eneko Goia alkatearen [aktorea hau ere] harrera jasotzeko. Inguruan, berriz, hamarnaka pertsonek G7-aren aurkako oihuak egin zituzten, gailurreko kideak Euskal Herrian ongi etorriak ez direla gogorarazteko.