Parte hartze markak hautsi ditu Olatu Talka jaialdiak
Hiru egunetan 60.000 pertsona inguruk parte hartu dute Olatu Talka jaialdiaren 200 jardueretan. Antolatzaileek diotenez, inoizko kopuru handiena da eta eguraldi onak lagundu du marka gainditzen. Ostiraletik igandera izan da Olatu Talkaren 10. jaialdia eta azkena. Boga! emanaldi bereziarekin agurtu da betirako jailadia, hamar urteko ibilbide arrakastatsuari bukaera jarri zaio kantuan.
2010ean sortu zen jaialdia Donostia 2016 egitasmoa oraindik hautagaitz fasean zegoenean. Ordutik, Europako Kultur Hiriburutza izan zen urtera arteko ibilbidea elkarrekin egin dute Olatu Talkak eta DSS2016EUk. Urtez urte, jaialdiak helburu berriak finkatu ditu eta herritarren energia bideratu du erronka kolektibo berriei heltzeko. Donostiako oinarrizko kulturari balioa eman, indartu eta kalera atera du jaialdiak kultura bera hiriaren identitate zeinu gisa indartuz.
10. jaialdiaren ostean, gogoeta egiteko garaia iritsi dela adierazi du Jon Aizpuruak, Olatu Talkako zuzendariak. Udaleko gobernu berriari eta Donostia Kulturako talde teknikoari dagokie orain egitasmo honi jarraipena nola eman erabakitzea. “Hiriko eragileei erakusleiho bat eskaini behar zaiela erakutsi du Olatu Talkak. Sustatzaile eta antolatzaile lana egiteko eta parte hartzeko gogoa dute hiritarrek”, adierazi du Aizpuruak.