Sexu eraso "transfoboa eta lesbofoboa" sufritu duela salatu du Medeak taldeko kide batek
Bere testigantza argitaratu dute Medeaken webgunean. Maiatzaren 23an, Donostiatik gertuko gasolindegi batean gizon baten “eraso fisiko larria” sufritu zuela salatu du. Bere aurkako erasoa “arrazoi lesbofobo eta transfoboengatik” gertatu zela kontatu du. Errepidean zirela ustez izandako ika-mika batek eragin zuen gizonaren haserrea. Gasolindegi batean geratu zirenean egin zion eraso, eta hango emakume langile batek lortu zuen etetea.
Berria egunkariaren arabera, Medeakeko kideak Ertzaintzan salaketa jarri zuen, eta maiatzaren 29an egin zuten epaiketa. Akusatuak onartu egin zituen bere aurkako karguak: eraso arina eta mehatxuak, 150 euroko kalte ordaina, eta urruntze agindua. Salatzaileak kendu behar izan zuen sexu erasoaren salaketa; dena den, hala izan zen zalantzarik ez du. “Transfobia eta lesbofobia ez dira sexu-erasotzat hartzen: tipo batek titiak txikitu zizkidan, baina horrek ez omen dauka inongo kutsu sexualik. Tipoak adierazi zuenez, uste zuen ni gizona nintzela, baina ez dakit nola arraio tematu zen hainbeste nire titiekin pentsatu baldin bazuen gizon bat nintzela”.
Medeak salatu du bete taldeko kideak “justizia patriarkalaren prozesu biktimizatzaile bikoitza” jasan duela, hark bizitakoa “eraso sexual edo gorroto delitu bezala” ez dutelako epaitu.