80. urteurrena ospatuko du Musika Hamabostaldiak
Abuztuaren 1ean hasi eta 31n bukatuko da 80. Donostiako Musika Hamabostaldia. Jaialdiak 90 proposamenetik gora eskainiko ditu; hamar ziklo izango dira, eta hirian ez ezik Gipuzkoako beste hainbat lekutan, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian izango dira emanaldiak.
Musika Hamabostaldian egin zituzten lehen urratsak Ainhoa Artetak, Lucia Lacarrak eta Juanjo Menak. Urteurrenarekin bat egiteko, jaialdian izango dira Madamme Butterfly operarekin, Víctor Ullate Ballet konpainiaren Antigona ikuskizun berriarekin eta London Philharmonic Orchestrarekin.
Horrez gain, aipatzekoak dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen El castillo de Barba Azul, Bartoken opera bertsio formatuan, eta Tom Johnsonek idatzitako Lau noten opera, Tabakalerako Patioan gozatu ahal izango dena. Era berean, egitarauaren parte izango dira Orchestre de Paris, Khatia Buniatishvili pianista, Ballet Flamenco de Andalucía, Bremengo Deutsche Kammerphilarmonie eta Mahler Chamber Orchestra. Eta noski, Donostiako Orfeoiak ere parte hartuko du urteurrenean. Egitarauaren xehetasunak hemen topatuko dituzue.
Musika Hamabostaldiaren sarrerak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira. 11:30etik aurrera Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira, eta jaialdiaren webgunean.