Harri Berri ikastetxearen patioa estaltzeko lanak adjudikatu ditu udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Altzako Harri Berri ikastetxearen patioko estalkia egiteko lanak adjudikatu ditu. Indenort eta Proviser Iberica enpresa elkartzea arduratuko da obra egiteaz. Adjudikazioa 314.542 eurokoa da eta hiru hilabeteko epea izango dute lanak egiteko. Hau da, lanak udako oporraldiarekin batera egingo dira.
Patioan estalkia egitea ikastetxea azken urteetan egiten ari zen eskaera da. Beraz, estalkiari esker, ikasleek euria egiten duenean patioa erabili ahal izango dute. Eta, gainera, eskola ordutik kanpo auzotarrek ere erabili ahal izango dute. Estalkiarekin batera, patioan irisgarritasuna hobetuko da. Eta horretarako arrapala egingo da dagoen aldea saihesteko.
Ikastetxeetako lanak
Beste lau ikastetxeetan ere lanak egingo ditu udalak. Unebide Obras y Contratas enpresari esleitu diote Intxaurrondo Ikastolako estalkia berritzeko kontratua –188.372 euro–. Zuhaizki SL enpresari adjudikatu diote barruko patioetako arotzeria-lanak egiteko kontratua –167.754 euro–. Amassorrain Ikastolan haur hezkuntzako hainbat gela berritzeko lanak egiteko kontratua Construcciones Jose Urraca enpresari adjudikatu diote –117.652 euro–. Catalina Erauso 8ko eskolako eraikinean energia-eraberritzeko lanak egiteko kontratua, berriz, Unebide Obras y Contratas enpresari esleitu diote –252.084 euro–.