Negoziazioetan egon arren, udalak Kijeraren aurkako salaketa mantendu duela diote gaztetxeko kideek
Udalak martxoan Kanpandegi kaleko eraikinaren kudeaketa eskaini zion Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari, zehaztu gabeko epe baterako. Proposamenaren aurrean, auzoko bederatzi eragilek osaturiko lan mahaia zesioaren aukeran sakontzeko prest agertu zen. Geroztik, negoziazio prozesua irekita mantendu da.
Zenbait asteko isilunearen ostean, Kijera gaztetxeko kideek Kanpandegi kaleko eraikinaren egoeraren berri eman nahi izan dute sare sozialetan argitaratutako ohar baten bidez. Idatzian azaldutakoaren arabera, auzoko eragileek lanean jarraitzen dute udalarekin abiatutako negoziazio prozesuan, “auzoarentzat probetxuzkoa litzatekeen akordio bat bilatzen saiatzeko”. Ibilbidea, ordea, ez da erraza izaten ari, prozesuan zehar “hamaika muga” jarri dizkietela nabarmendu baitute Kijerakoek, udalak haien aurka jarri zuen salaketa mantendu egin duela azpimarratuz.
Auzoko gazteak duela bederatzi hilabete sartu ziren 12 urtez hutsik egondako eraikinera. Geroztik, udalak haiekiko jarrera ezberdinak izan dutela gogoratu dute gaztetxekoek. Izan ere, okupazioaren lehen hilabeteetan zehar, udalak eraikina desalojatzeko asmoa agertu zuen, eta eraikina berreskuratzeko intentzioa hainbatetan berretsi zuen Eneko Goia alkateak. Desalojo arriskuaren aurrean, Kijerako kideek erresistentzia prozesu bat abiatu zuten, auzoan mobilizazioak eginez eta egunak eta gauak eraikin barruan pasatuz.
Aste horietan zehar, udalak Kanpandegi kaleko eraikinean adineko pertsonentzako etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat aurreikusita zuela eman zuen aditzera. Denborak aurrera egin ahala, ordea, proiektu hori aurrera atera ahal izateko epe jakin bat igaro beharko zela onartu zuen udalak, eta Parte Zaharrean Bizi elkartearen bitartekaritza zela medio, eraikinaren behin-behineko zesioaren aukerak indarra hartu zuen pixkanaka.
Martxoan, udalak zesioaren negoziazio prozesu bat martxan zegoela aitortu zuen. Alegia, etxebizitza berrien proiektua gauzatu ahal izan arte, eraikina auzo elkarteari uzteko prest agertu zen Udal Gobernua. Proposamen horri erantzun bateratua emateko asmoz, auzoko bederatzi eragilek osaturiko lan mahaia zesioaren aukeran sakontzeko prest agertu ziren.
Hauteskunde kanpainan zehar IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan, Goiak hurrengo adierazpenak egin zituen Kanpandegi kaleko eraikinari buruz galdetuta: “Denbora hori igaro bitartean, nik zertarako utzi behar dut hutsik eraikin bat urte batez edo urte eta erdiz, baldin badakit tarte horretan ez naizela gai izango obretan hasteko? Ba norbaitek erabil badezake… Hori bai, modu naturalean eta normalean, lagapen bat hitzartuz eta baldintza minimo batzuk beteaz. Hori da guk planteatu duguna.”
Jarraian Kijerako kideek zabaldutako oharra:
Badira jada bederatzi hilabete Alde Zaharreko gazte asanbladako kideok Orixe ikastola zaharra, 12 urte hutsik zeraman eraikina, auzoarentzat berreskuratu genuela. Ordutik, hainbat gorabehera pasa ostean, auzoa inoiz baino biziago dago orain eta hautsa astintzen ari garenok argi dugu ez dugula etsiko errealitate honi Kijera bezalako proiektuekin aurre egiteari.
Desjabetuon mesederako espazio hau berreskuratu geunenetik, auzoan garatzen ari ziren hainbat ideiei eta ekintzei bidea emateko zein gure jardun politikoa garatzeko txokoa bilakatu dugu Kijera. Donostiak emandako aisiarekin hautsiz, tabernetatik ateraz eta jakintza kolektiboki eraikiz dihardugu, auzoa saretuz, gure komunitatea eraikiz, zapalduok antolatuz eta gizartea gauza xumeetatik eraldatuz, beti aurrera begira.
Gure jardunaren adierazpen nagusia egunerokotasuna dugu, astez aste tailer ezberdinak eskainiz (joskintza, xaboi, kick boxing, zirko, zinema), noizean behin gauza ezberdinak (mikro irekia, dantza, proiekzioak) eginez , eragile ezberdinei espazio bat eskainiz, belaunaldi ezberdineko jendea batuz, auzoko kaleetan ere jarduerak antolatuz eta beste hamaika praktika martxan jarriz. Kijerak ematen dio bizitza auzoari eta elkarrekin sortzen dugu Kijera.
Hilabete hauetan, Donostiako Udalak jarrera ezberdinak izan ditu. Haiek 12 urtez eraikina hutsik izan eta gero, erabilerak kezkatu zituen eta desalojo batekin erantzungo zutela esan zuten. Urtarrila eta otsailean zehar, mehatxu hau erreala izan zen. Honen aurrean, auzoko mobilizazioak, eraikinean erresistentzia… abiatu genituen. Horien ondorio bezala, alkatetzatik atzera egin zuten, eta elkarrizketa bat abiatu zuten auzoko hainbat eragilek osatzen dugun mahaiarekin, elkarlanean eraikina kudeatzeko aukeraz hitz eginez, nahiz eta, udalak ez duen gure aurka jarria zuen salaketa indargabetu. Hamaika muga jartzen dituzten arren prozesu honetan lanean segitzen dugu, auzoarentzat probetxuzkoa litzatekeen akordio bat bilatzen saiatzeko.
Guk gurean dihardugun honetan, ohar honen bidez, egoera nola ikusten dugun jakinarazi nahi izan dugu, eta gaztetxean egiten diren tailer, ekintza eta egunerokoan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Denon artean egiten gara handi eta gureak izan behar luketen espazioak berreskuratzen goaz, auzoa inoiz baina biziago baitago orain.