Donostiako jatetxe eta hotelak "bikainak" dira turistentzat, ikerketa baten arabera
Gipuzkoako Ostalaritzaren Joeren Txostena aurkeztu dute Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, TripAdvisor-ek eta El Tenedor-ek. Datuen arabera, Donostiako jatetxeak eta hotelak “bikainak” dira turistentzat. “Era honetan Donostiara datozenen balorazioak, lehentasunak eta kontsumo ohiturak ezagutu ditzazkegu eta gure jatetxe eta hotelen maila aztertu dezakegu”, azaldu du Kino Martinez Ostalaritza elkarteko idazkari nagusiak.
TripAdvisor-en trafiko datuek diotenez, Donostiak presentzia handia du bilaketetan. Frantzia, Ingalaterra, AEBeak, Italia eta Alemaniakoak dira informazioa bilatu duten erabiltzaile gehienak. Era berean, iaz 33.000 iritzi eta esperientzia partekatu zituzten TripAdvisor-eko erabiltzaileek –20.000 jatetxeen inguruan eta 5.500 hotelen inguruan–, batez besteko balorazioa 5etik 4,06 eta 4,18koa izan zen. Jatetxeetan, hoberen baloratu ziren irizpideak janaria eta giroa izan ziren, hoteletan, berriz, garbitasuna eta kokapena.
Hiriko jatetxe motari dagokionez, iaz ondoen puntuatu zituztenak errusiarrak (4.48), mexikarrak (4.45), estatubatuarrak (4.40), australiarrak (4.37), argentinarrak (4.36), britainarrak eta japoniarrak (4.29), irlandarrak, alemanak eta suitzarrak (4.25) izan ziren. Hotelen kasuetan, kanadiarrak (4.45), estatubatuarrak (4.43), brasildarrak (4.42), argentinarrak (4.40), japoniarrak eta irlandarrak (4.39), portugesak (4.31), australiarrak (4.30), mexikarrak (4.26) eta holandarrak (4.23).
Bestalde, El Tenedor-ek jaso dituen datuen arabera, kontsumitzaileak euskal sukaldaritza tradizionala aukeratzen du edo, bestela, sormenezko sukaldaritza. “Zentzu honetan kontuan izan behar da Gipuzkoan Michelin Izarra duten hainbat jatetxe daudela, hala nola Pedro Subijanaren Akelarre, eta ez da harritzekoa, beraz, kontsumitzaileek establezimendu hauek aukeratzea”. Bestalde, kontsumitzaile bakoitzak 40-45 euro bitartean gastatzen ditu. “Europako beste hiriekin konparatuta altua da gastua”.
Udaran zehar, Donostia da turista askok nahiago duten hiria eta jatetxeetako erreserben kopurua hazi egiten da. “Uztaila eta abuztua dira hilabeterik hoberenak, eta 2018an bi hilabete hauetan erreserbek %22ko igoera izan zuten 2017ko udararekin alderatuz. Aurtengo Aste Santuan on-line egindako erreserbek %70ko igoera izan zuten pasa den urtearekiko”.