Hiru atxilotu eta hainbat zauritu Ertzaintzak Moraza kaleko eraikin okupatu batean eginiko operazioan
Bi orduko operazioaren ostean, poliziek alde egin dute eta gazteak eraikinera bueltatu ahal izan dira. Eraikina gutxienez 2016tik egon da hutsik, eta etxebizitza alternatibarik ez duen gazte talde bat hor bizitzera sartu zen duela hilabete batzuk.
Goizean sartu da Ertzaintza Moraza kaleko lehen zenbakian, 10:30ak aldera. Irutxuloko Hitzari azaldu diote ez direla eraikina desalojatzera joan, bizilagunen kexak direla eta joan direla baizik. Eraikinean sartu eta identifikatu egin dituzte barruan zeuden gazteak. Poliziak dio erresistentzia jarri dutela, eta aterarazi egin dituztela.
Eraikina gutxienez 2016tik egon da hutsik, eta etxebizitza alternatibarik ez duen gazte talde bat hor bizitzera sartu zen duela hilabete batzuk. Salatu dutenez, eraikinera sartzerakoan Ertzaintzak ez die inolako agindurik erakutsi. Kanporatu dituzten gazteen artean artean zaurituak daude borran kolpeen ondorioz, eta hiru pertsona atxilotu ditu poliziak. Beste hedabide batzuetan argitaratutako informazioaren arabera, agenteen artean ere sei zauritu daude.
Pare bat ordu igarota eta eraikina arakatu ostean, ertzainek alde egin dute eta gazteak euren etxebizitzara bueltatu ahal izan dira. Barruan, poliziek hainbat kalte eragin dituztela salatu dute.
Bi ordu igarota, Ertzainek alde egin dute eta Moraza kaleko gazteak eraikinera bueltatu ahal izan dira. Poliziak barruan hainbat kalte eragin dituela salatu dute
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) June 5, 2019
Argazkietan: geletako bat operatiboaren aurretik eta ondoren @irutxulo pic.twitter.com/Rz13NirJzi
2016eko abenduan ere gazte batzuek okupatu egin zuten eraikin bera. Egun gutxira, ordea, udaltzainek Moraza kalea inguratu eta itxi egin zuten. Gazteek salatu zuten epailearen agindurik gabe sartu zirela etxean, eta era bortitzean atera zituztela.
Jarraian, Moraza kaleko operazio polizialak utzitako zenbait irudi: