…eta behean beste mundu bat zegoen
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘LA CIUDAD OCULTA’
Zuzendaria: Víctor Moreno
Urtea: 2018
Herrialdea: Espainia
1864an Lurraren bihotzeraino eleberriarekin zientzia fikzioaren lehen ataletako bat idatzi zuen Julio Vernek, eta irakurleak aztertu gabeko mundu batean murgildu zituen bere irudimena agorrezinarekin. Lurraren barnealdea edo kanpo espazioa, leku ezezagunak beti izan dira erakargarri gizakiarentzat, gugan sortzen duten beldurra eta jakingura nahasketa bitxi batean uztartzen direlarik. Denok izan dugu txikitan leku berriak esploratzeko nahia, baina hazten goazen neurrian egunorokotasunak harrapatzen gaitu, eta barneko esploratzailea desagertzen zaigu, itzulezina den prozesu batean.
Zinemak duen balioetako bat bere alde gogorarazlea da, eta film batzuk gure jatorrizko esperientzietara eramaten gaituzte. Victor Moreno zinemagile kanariarrak azken lanarekin, La ciudad oculta, hiri haundi baten lurpean murgiltzen gaitu, kasu honetan Madrilen, ordu eta erdiz deskribaezinezko esperientzia bat sorraraziz. Filmaren sustraietatik literatura, filosofia edo zinema jario dira, eta Verne edo Lovecraft ez ezik, Michel Foucaulten heterotopiak daude (gertu ditugun espazio ezezagunak), edo zientzia fikziozko film batzuk, 2001: A Space Odyssey (Stanley Kubrick, 1968) eta Alien (Ridley Scott, 1979), besteak beste. Zinema erreferenteekin jarraituz, Morenok berak hainbat elkarrizketetan aipatu duen bezala, La ciudad oculta XX. mende hasierako abangoardietan sorturiko hiri-sinfonia azpi-generoan du jatorria ere, Berlin: Die Sinfonie der Großstadt (Walter Ruttmann, 1927) filman bereziki.
Nolanahi ere, La ciudad oculta ez da kulturalki oihartzunak topatzeko zerbait, batez ere ikus-entzunezko esperientzia bat da, eta askotan gertatu zaigun legez, definiezinak diren filmak ohikoak baino askoz interesgarriagoak iruditzen zaizkigu, esploratu gabeko munduak azaleratzen baitituzte. Ezezagunaren erakargarritasunak ikusleak pantailara itsasten ditu, gizakiak, esan bezala, berezko jakin-mina daukagulako.
Oro har, Morenok sortu duen lurpeko sinfonia bi osagaiek moldatzen dute. Lehena, argia, edo hobeto esan, argi gabezia, Madrilgo lur-azpitik murgiltzen garenean hori baita ezaugarri nabarmenena. Askotan itzaletan egongo gara, inongo kokapen finkorik gabe, baina han-hemenka argiak lekuak, pertsonak (hauen silueta edo islak) edo animaliak argiztatuko dizkigu eta bidai lagun bihurtuko zaizkigu. Argiak lur-azpian dauden eraikuntzak (amaigabeko metro tunelak, egitura fantasmagorikoak) eta forma bitxiak erakutsiko dizkigu, eta kamera planeta berri batean dabilen esploratzaile bihurtzen zaigu. Guzti hau erakusteko Victor Morenok kamera beti leku egokienean jarriko du, eta, noizbehinka, travelling ikusgarriez baliatuko da uneoro ikuslean misteriozko sentsazio bat sortzeko.
La ciudad ocultak duen beste funtsezko osagaia soinua da, eta hemen Morenok eta bere taldeak (bereziki Juan Carlos Blancasen eta Asmus Teitchensen musika esperimentalarekin) sortu duten soinu-paisaia txundigarria da. Lur-azpian aurkitzen diren zarata guztiek zentzu bat dute hiriaren barrurako bidaia honetan, eta zuzendariak esan bezala, soinu likido bat sortzen da, uharrak dakarren jario gisa. Adibide bezala, filmak duen uneetako bat: porlanezko lurzoru bat ikusten dugu, ur-hari txiki batekin. Segundo batzuren ostean, ura gerturatzen ari dela entzuten dugu, eta pixkanaka, ikusten ere. Baina, bat batean, nahiz eta uraren etorrera espero, ur-jauzi edo uhar bat iritsiko da, danbateko batez, ezerezean zegoen zerbait ikus-entzunezko eztanda bihurtuz. Zinemak sortuko ditu zirrarak, horretarako prest bagaude. Narrazioak modu batean sortu ditzake, noski, baina aspalditik dakigu zinemak (eta arteak, hedaduraz) zirrara puruak sortu ditzakela, ulermenaren gainetik.
Guk La ciudad oculta Donostiako Tabakalerako zinema aretoan ikusteko aukera izan genuen, zuzendari kanariarrak berak aurkeztuta, eta jakina da horrelako filmek ez dutela banaketa egokirik izaten, gehienetan filmategietan edo zinemaldietan ikusten baitira. Baina bizi garen gainazaleko hiriek, filman agertzen den ezkutuko hiria behar duten bezala, zinemak Victor Moreno bezalako zinemagileek sortzen dituzten ezkutuko filmak ere behar ditu.