Klima larrialdi egoeran ezartzeko unea dela dio Haritzaldek
Gaur, hilak 5, Ingurumenaren eguna da eta Haritzalde Naturzaleen elkarteak oharra plazaratu du. Klima larrialdi egoeran ezartzeko unea dela azpimarratu dute. “Ez dugu ulertzen nola gure politikariak ez diren gauza izan klima larrialdia deklaratzeko. Eusko Jaurlaritzak beste batzuetan Gales edo Eskoziari begira jartzen da baina haiek egindako deklarazioarekin ez ikusiarena egin dutela dirudi. Londresko hiriak eta Erresuma Batuak ere bat egin dute eta Klima Larrialdi Egoera ezarri dute. Zeren zain daude gure hemengo Erakunde Publikoak?”
Haritzalderen ustez, krisi-mahaiak sortu behar dira erabateko politika aldaketak bideratzeko. “Autoaren erabilera etengabe gora doa eta hegaldiak ez dira jaisten. Hazkundeaz ari dira hizketan gure aztarna ekologikoa gelditu gabe hazten ari den bitartean. Maiatzaren erdialderako Euskal Herriak bukatu zituen urte honetarako zegozkion baliabide naturalak. Espainiak, berriz, maiatzaren 28rako bukatu zituen zegozkion errekurtsoak. Beraz zorretan gaude Planetarekin, zor ekologiko handia dugu beste herrialdeekiko. Donostia bezalako hiri batek duen azaleraren 100 halako inguru beharko lituzke beharrizanak asetu ahal izateko. Ez da posible! Ezin gara horrela bizi eta horrela jarraituz gero larrutik ordainduko dugu. Zoritxarrez okerrena gazteek eta haurrek pairatuko dute. Hori da utzi nahi diegun etorkizuna?”.
Bestalde, ekainaren 3an hasi eta 9ra bitarte “Astebete plastikorik gabe” nazioarte mailako egitasmoarekin bat egin du Haritzaldek. “Saihestu dezagun plastikoa, jaitsi dezagun kontsumoa eta batez ere plastikoan ontziratutakoak bazter ditzagun. Kontsumitzaileok ikaragarrizko ahalmena dugu eta erakustea badago. Egizu zeurea Zero Waste plataformaren erronka!”. Horrela, Fridays For de Future mugimenduko gazteak antolatzen ari diren mobilizazio eta ekimen guztiak babesten dituzte.