Luca Sangalli 2022ra arte izango da txuri-urdina
2020ko ekainaren 30ean bukatzen zitzaion kontratua Luca Sangalli erdilari donostiarrari Realarekin. Bi urteko luzapena sinatu du jokalariak, eta 2022ko ekainaren 22ra arte jantziko du elastiko txuri-urdina. Pozik agertu da Sangalli berritzearekin: “Oso pozik nago kontratua luzatzearekin. Lehen urte hau oso arraroa izan da, albiste on eta txar askorekin. Klubak nigan konfidantza berrestea oso pozgarria da. Gogo handiz nago datorren denboraldia hasi, gozatzen jarraitu eta taldeari laguntzen jarraitzeko”. Bestalde, amets bat bete duela esan du erdilariak: “Anoetara txikitatik taldea animatzera etorri den donostiar batentzat eta beheko kategoria guztietatik pasa den ume batentzat lehen taldera iristea ametsa da eta bi urte gehiago egon ahal izatea, harrotasun handia”.
Realaren lehen taldean estreinatu da aurten Sangalli, eta urrian iktus arin bat izan bazuen ere, errekuperatu egin zen, eta 19 partidu jokatu ditu guztira. Baikor azaldu da datorren denboraldira begira: “Igo diren jokalari gazteekin albiste onak itxaron daitezke etorkizunerako. Gainera, Anoeta berriak gehigarri hori emango digu helburuak lortu ahal izateko”.