Bere lehen kontratu profesionala sinatu du Ander Gebarak Realarekin
2024. urtera arte sinatu du kontratua Realarekin Ander Gebara erdilari arabarrak, eta bere lehen kontratu profesionala da. Orain arte zuen kontratua 2020ko ekainaren 30ean bukatzen zen. Duela zazpi urte iritsi zen Gebara Realeko harrobira, eta kontratu honekin amets bat bete duela esan du: “Oso egun berezia da niretzat eta nire familiarentzat. Orain dela zazpi urtetik, maletak egin genituenetik Donostira etortzeko, lehen taldera iristeko ametsa nuen eta, orain, lortu dudala, oso harro sentitzen naiz”. Txuri-urdina sentitzen da erdilaria, eta datorren denboraldiari ilusioz ekingo dio: “Ilusio izugarriarekin ekingo diot denboraldiari. Prest nago hamaikakoan postu batengatik borroka egiteko eta uneoro izango dudan rola aurrera eramateko ere”.
Aurredenboraldia
Gebararen kontratuaren berritzeaz gain, aurredenboraldian jokatuko dituen lagunarteko partiduetako lehen aurkariak jakinarazi ditu. Ingalaterrara bidaiatuko dute txuri-urdinek, hango bigarren mailako Nottingham Forest eta Milwall FC taldeen aurka jokatuko baitute, uztailaren 26an eta 27an, hurrenez hurren.