Donostiako Txistulari banda etengabeko berritze prozesuan bizi da
Txistulari banda tradizional bat bada ere, gaur egun aktiboan jarraitzeko berritze prozesu etengabe batean dago taldea. Horren adibide argiak dira ostegunero egiten ari diren umorezko kontzertuak eta kaleratu berri duten ‘Maitatia’ disko-liburua.
“Jaieguna goizetik aprobetxatzeko deia egiteko” jotzen du igandero diana klasikoa Donostiako Udaleko Txistulari bandak, Jon Ansorena txistulariaren esanetan. Hori izaten da donostiar askorentzat igandeetako iratzargailua, baina taldekideek azaldu dutenez, turistak harrituta gelditzen dira emanaldi horiekin.
Horregatik, Aitor Arozena txistulariak azaldu duenez, “mundu guztiarentzako” zerbait egiteko beharra ikusi zuten, nahiz eta horrek hizkuntza aldetik mugatzen dituen. Arozenaren arabera, “oso errepertorio interesgarria” dauka bandak, “erakusteko modukoa” eta menderatzen duena. Beraz, Jose Ignazio Ansorena zuzendariaren imajinaziotik umorezko kontzertuak egiteko ordu erdi luzeko gidoi bat sortu zuten, errepertorio horretan oinarrituta. Arozenak kontzertu horien funtzionamendua azaldu du: “Atrezzo pixka batekin joaten gara, eta Euskal Herriko musika erakusten goaz, beti ere, umorezko puntu batekin. Etortzen den jendea parte hartzera animatzen dugu, eta oso giro polita sortzen da”.
Maiatzetik ari dira umorezko kontzertuak egiten, ostegunero 19:00etan San Jeronimo kaleko udal liburutegiko ekitaldi aretoan. Ansorenaren arabera, aurten bosgarrenez ari dira kontzertu horiek egiten.
Disko-liburua
Maitatia proiektua Jose Manuel Ugarte txistulariaren “enkargu bat” izan zela nabarmendu du Ansorenak. Izan ere, urte luzez Mexikon bizi zen Ugarte, eta Ansorenak azaldu du han zuen “herrimin handiena txistua taldean jo ezin izatearena” zela.
Horregatik, disko-liburua osatzen duten 26 piezak bi eratara daude grabatuta: lehenengo txistuaren ahotsarekin eta ahots hori gabe. Minus one deituriko formula da hori, txistua grabaziotik kenduz bakoitzak bere etxean grabazioaren gainean entseatu ahal izateko.
Bi diskok eta liburu batek osatzen dute lana. Lehen diskoak 14 pieza ditu, Aitor Arozenak, Jagoba Astiazaranek, Agustin Laskurainek eta Jose Ignazio Ansorenak txistulari banda tradizional gisa grabatutakoak. Bigarrenak, aldiz, 12 pieza ditu, eta Ansorenak berak, Karlos Aranzegi bateria-jotzaileak, Mikel Arteida baxu-jotzaileak eta Mikel Azpiroz piano eta hammond-jotzaileak grabatu dituzte. Liburuak pieza guztien partiturak eta bakoitzaren inguruko testu bat daramatza.
“Berritzeko beste modu bat” da Maitatia, Arozenaren arabera. Izan ere, haren esanetan, “Donostiako bandak beti izan duen ezaugarri bat izan da berritzearena”.