Hiru mende Berwickeko dukearen erasotik
1719an, James Fitz-James Berwickeko dukearen tropa frantsesek Donostia erasotu zuten, Lauko Aliantzaren Gerra betean. Hiria hilabetez egon zen setiatua, bere harresian lehen arrakala egitea lortu zuten arte.
Felipe V.ak Sardinia eta Sizilia konkistatu zituelako gertatu zen erasoa. Espainiako monarkiaren azpikeriari erantzunez, 1719ko udaberrian Berwickeko dukeak Bidasoa ibaia gurutzatu zuen, Frantziako Erreinuaren izenean, 20.000 soldaduz osaturiko armada batekin.
Apirilaren 20an heldu ziren Irunera, eta pixkanaka, Behobia, Hondarribia, Oiartzun, Errenteria eta Pasaia konkistatu zituzten, ekainaren 24an Donostiara heldu ziren arte. Egun gutxian, tropa frantsesek hiri guztia inguratu eta hilabetez luzatuko zen setioa ezarri zuten.
Berwickeko dukeak Aieten finkatu zuen bere kuartela, eta handik zuzendu zuen erasoa. Harresien barruan, berriz, Gipuzkoa osotik etorritako konpainiek hiriaren defentsa osatu zuten.
Santa Clara irla galdu eta beste hainbat eraso jasan ostean, Donostiak armada frantsesaren oldarraldi masibo bati egin zion aurre uztailaren 25ean. Etsaien artilleria harresiko gune ahulena behin eta berriz erasotzen hasi zen, Santa Katalina zubiaren alboan, eta hiru egunen buruan, hiriko murailaren lehen arrakala irekitzea lortu zuten.
Donostiako agintariek abuztuaren 1ean eskatu zuen kapitulazioa, baina harresien barruko soldaduek hilabete osoan zehar jarraitu zuten etsaiaren aurkako borroka. Amaitu zenerako, hiriaren suntsiketa izugarria zen.
Gipuzkoako hiriburua hartuta, Berwickeko dukeak Bizkai eta Araba konkistatu zituen, eta Donostia bi urtez mantendu zen frantsesen eskuetan, bi erreinuek bakea sinatu zuten arte.