MartxUp! egitasmoa hirugarrenez egingo dute
Donostiako gazteen ekintzailetza bultzatzea da MartxUp! egitasmoaren helburua, eta formazioa eta bide laguntza eskaintzen die horretarako parte hartzen duten gazteei. Ideia, erronka edo proiektu bat duten 18-30 urte arteko gazteek hartu dezakete parte egitasmoan. Donostiako Udaleko Gazteria sailak azaldu duenez, “auzo guztietako ideiak, erronkak eta ametsak entzun” nahi dituzte, eta horiek guztiak martxan jarri, horretarako “sormenerako, autoenplegurako eta herrigintzarako erronkatan lagundu eta baliabideak” eskainiz.
Formakuntzari garrantzia berezia emango diote aurten, eta lau formakuntza saio egingo dituzte:
- IDEIATIK PROIEKTURA: askotan egitasmo bat martxan jartzeko ideiak nahastu egiten zaizkigu, edo oso orokorra edo sobera konkretuak izateraino. Saio honetan ideiak zehazteko eta garatzeko teknika lagungarriak eskainiko dira.
- DESIGN THINKING: Amerikako Estatu Batuetan jaiotako metodologia honen bitartez erabiltzaileen esperientziaren arabera produktuak modu sortzailean prototipatzen ikasiko da.
- CANVAS: negozio eredu ezberdin bakoitzerako arreta jarri beharreko puntu ezberdinak aztertuko dira, eta norbere proiektuan aplikatuko dira.
- PITCHING: azkenik, proiektu bat ondo aurkezteko gakoak landuko dira.
Esan bezala, 18 eta 30 urte arteko gazteek ahal izango dituzte beraien ideiak aurkeztu, eta bakarka edo taldean hartu dezakete parte. Ideiak onartu ondoren, 2 eta 4 pertsona arteko taldeak osatuko dituzte, eta proiektuaren garapen prozesu eta prestakuntzarako fasean sartuko dira. Edozein motatako proiektuak aurkeztu daitezke, baldin eta ez badute inolako izaera baztertzailerik eta ez badute indarkeria sustatzen. Antolakuntzak eskatzen dituen ezaugarriak hauek dira: Hein handienean garapen eremua Donostian izatea eta hiritarren onurarako zuzenduta egotea. Izene-ematea MartxUp! egitasmoaren webgunearen bitartez egin behar da, eta epea hilaren 30era arte egongo da zabalik.