Txistu doinuak Donostiako kaleetan zehar
XIX. mendekoak dira Donostiako Udaleko Txistulari bandaren lehen datuak, talde instituzional gisa. Baina askoz lehenagotik zeuden txistulari taldeak hirian. Garaiak asko aldatu dira, baina 2019an txistulari banda ofiziala dauka oraindik Donostiak, eta taldean gauzak asko aldatu badira ere, tradizioak bizirik jarraitzen du.
Askok igandero beraien balkoiaren azpitik diana jotzen pasatzen direlako edo Aste Nagusian Txistularien Alardean ikusten ditu
ztelako ezagutuko dituzte Donostiako txistulariak, baina agian ez dute jakingo zein den taldekideen eguneroko jarduna eta egoera. Udaleko langileak, udaltzainak eta kale garbitzaileak bezala, Donostiako Udaleko Txistulari bandako musikariak udalaren funtzionarioak dira. Jon Ansorena taldekideak azaldu duenez, funtzionario guztiak bezala, oposizio bidez lortzen dute lanpostua: “Gure taldea udalean funtzionario betekizunak betetzen dituen talde bat da, eta oposizio bidez sartzen gara. Hau da, proba teorikoa eta praktikoa eginez eta lehiaketan plaza eskuratuz”. Txistulari bandaren kasuan, proba garrantzitsuena praktikoa dela nabarmendu du Ansorenak, bandak eskatzen duen guztira moldatu ahal izateko: “Jotzeko proba da garrantzitsuena: lehenengo begiradan irakurtzeko gaitasuna, obra bat prestatzeko gaitasuna, epaimahaiaren aurrean jarri eta bakarlari gisa edo ganbera musikan jotzeko aukera eta moldakortasuna duzula erakutsi behar da”.
Bestalde, Aitor Arozena taldekideak azaldu duenez, ez dute lanaldi osoa bandan ematen, beste udal lan batzuekin osatzen dute: “Gure lanaldia banatuta dago: ehuneko bat musika eskolako irakaskuntzan dago, eta beste bat bandan jotzen”. Izan ere, bandako kide gehienak Udal Musika Eskolan irakasleak dira, txistulari bandan jotzeaz gain. Agustin Laskurain taldekide beteranoaren arabera, lanaldiaren %60 bandan ematen dute eta %40 irakaskuntzan.
Igandero bi emanaldi egiten ditu bandak: diana jotzen du goizean goiz, eta kontzertua eskaintzen du ondoren. Urtean 42 igande ateratzen direla aipatu du Laskurainek, hau da, 84 emanaldi urtean. Horretaz gain, beste herrietara ere joaten dira jotzera, eta Donostian bertan kantujirak eta bestelako ekitaldiak egiten dituzte. Ansorenaren arabera, guztira 150 emanaldi inguru egiten dituzte urtean. Hori guztia ondo prestatzeko, astero hiru entsegu finko egiten dituztela azaldu du Ansorenak, eta dituzten kontzertuen arabera, beste entsegu batzuk gehitzen dituztela.
Taldeari indar gehiago emateko bidean, kalejiran ateratzen direnean, txistulari banda tradizional bikoiztu gisa joaten dira. Hau da, bi txistulari, silbote-jotzaile bat eta perkusio-jotzaile bat joan ordez, lau txistulari, bi silbote-jotzaile eta bi perkusio-jotzaile joaten dira. Hamar musikarik osatzen dute taldea, aipatutakoei bi tronpeta-jotzaile batu behar zaizkie eta. Hala ere, Ansorenak dioenez, “multinstrumentistak” dira, eta beharretara egokitzen dira: “Beharren arabera moldatzen gara: marinba gehitzen diogu, baxua, pianoa… Beti kolore eta tinbre desberdinak bilatzen ditugu, taldeak aukera gehiago izateko”.
Errepertorioari dagokionez, milaka pieza ditu bandak artxiboan katalogatuta, eta une oro pieza berriak sortzen edo zaharrak egokitzen ari dira taldekideak, Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean. Euskal Herriko txistularitza klasikoan oinarritzen da bandaren errepertorioa, baina garai berrietara egokitzeko zabaldu egin dute, Arozenaren arabera: “Garaian garaiko beharrei erantzuteko zabaldu behar izan dugu errepertorioa. Lan ikaragarria egin du Donostiako bandak zentzu horretan, Euskal Herri guztirako txistu errepertorioa zabaldu baitu”. Donostiako banda “eredu” bat dela azpimarratu du Arozenak “bai errepertorio aldetik eta baita antolakuntza aldetik ere”. Bestalde, beste herrialdetako doinuak ere jotzeko gai direla nabarmendu du: “Euskal Herriko musikan oinarritzen bagara ere, kanpoko musikak ere egokitzen ditugu. Gospela jo izan dugu, Brasilgo musika, Mediterraneoko doinuak… Ez dugu bertigorik”.
Taldea asko aldatu da
Laskurainek 40 urte baino gehiago daramatza taldean, eta azaldu duenez, egoera zeharo desberdina zen hasi zenean: “Ni hasi nintzeneko taldeak ez dauka zerikusirik gaur egungoarekin. Lau ginen garai hartan, ez ginen funtzionarioak, oposizioa gerora egin genuen, eta lan baldintzak erabat prekarioak ziren. Banda pilo bat aberastu da”. Lehen egiten zituzten gauza asko gaur egun ere egiten dituztela gehitu du taldean 20 urte baino gehiago daramatzan Arozenak, baina “egiteko era guztiz desberdina eta askoz pluralagoa” dela. Haren arabera, egiten dituzten “emanaldi kopurua asko handitu da, eta unean uneko beharretara erantzunez iritsi da banda gaur egunera”. Horren harira, diana eta erromeria tradizionalak egiteaz gain, bestelako emanaldiak egiten dituztela aipatu du Arozenak: “Orain, adibidez, turistentzako saio txiki batzuk egiten ditugu mimikarekin. Beti ere, Euskal Herriko txistu tradizioa oinarrian hartuta”. Koruekin egiten dituzten kolaborazioak ere areagotu direla dio Arozenak: “Koruekin tarteka egiten genituen kolaborazioak lehen. Orain, ordea, urtean hiru edo lau aldiz egiten ditugu”.
Banda hiriari laguntzeko “tresna” bat dela azpimarratu du Ansorenak, eta “hiriari laguntzeko saiakera bat” egin duela, Donostian egiten diren dantza ekitaldi guztiekin lotura bilatuz. Bestalde, ez direla Erdialdean soilik aritzen adierazi du Ansorenak, eta auzoetan ere jotzen dutela: “Morlansen, Herreran eta Martutenen jo izan dugu, besteak beste”. Ildo beretik jo du Arozenak: “Gurea udalak eskaintzen duen zerbitzu bat da. Zerbitzu bat den neurrian, emateko gaude. Edozein ekitalditan txistularien laguntza egokia dela ikusten badute, gu hor gaude, eta gure errepertorioa eta baliabideak ekintza horren alde egokitzen ditugu”. Bestalde, emanaldi solemneagoak ere egiten dituztela aipatu du Laskurainek, eta horiek oso desberdinak direla: “Udaletxeko protokoloak (harrerak, urrezko dominak, urrezko danborra, eta abar) egiten ditugu, eta horietan kimonoz jantzita joaten gara”. Bitxikeria gisa, ez Laskurain, ez Arozena eta ez Ansorena donostiarrak ez badira ere, hiruek kointziditu dute sansebastianetan jotzea dela beraientzako bereziena.
Belaunaldi berriak
Ansorena taldeko gazteena bada ere –27 urte ditu–, bandaren batezbesteko adina nahiko altua da. Hala ere, txistulari “harrobia” badagoela nabarmendu du Ansorenak, Musikenen eta Iruñeako kontserbatorioan txistua jotzera animatzen diren ikasleak daudela azpimarratuz. Gainera, bandako lan poltsa berriko probara hamabi gazte apuntatu direla aipatu du.
Duela gutxi 8 eta 17 urte arteko musika eskolako ikasleak taldearekin jotzera gonbidatu zituztela gogoratu dute txistulariek. Izan ere, Ansorenaren esanetan, “ikasleei talde profesional batekin jotzeko aukerak ematen” saiatzen dira. Ansorenak dioenez, “askotariko eskaintza dago, eta umeak dibertsifikatu egiten dira. Lehen musikara gehiago animatzen ziren, baina badaude oraindik animatzen direnak”. Horregatik, etorkizunera begira baikor agertu da Ansorena: “Atzetik datorren jendea badago”.
Emakumerik ez
Hamar dira Donostiako Udaleko Txistulari banda osatzen dutenak, eta hamarrak gizonezkoak dira. Iaz ordezkapenak egiten bi emakume bandan izan zirela aipatu dute txistulariek, baina taldean finkoak direnak gizonak dira. Txistuaren munduan beti gizon baino emakume gehiago egon direla nabarmendu du Laskurainek, Bilboko eta Gasteizko bandak adibide gisa jarriz: “Bilboko eta Gasteizko bandetan emakume bana dago, gainontzekoak gizonak dira”. Egoera hori “deigarria” dela esan du Ansorenak, eta jendea txistua ikastera animatu du: “Nahiko genuke jende gehiago animatzea, gizonak eta emakumeak”.
Hala ere, pertsona guztientzako aukera berdinak daudela argi utzi du Arozenak: “Aukera berdinak daude denontzat. Hemen hoberenak sartu behar dira, sexua kontuan izan gabe”. Hala ere, orokorrean, txistu hezkuntzatik “neska baino mutil gehiago” ateratzen direla aitortu du Ansorenak.