"Babes Ofizialeko Etxebizitzak?"
Martxoan etxegabetze-arriskuan egon den familia baten kasuak fokua jarri zuen Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzetan. Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen Benta Berriko babes ofizialeko promozioa, eta 450 familia inguruk lortu zuten etxebizitza bat 1998an. Horietako bizilagun batzuek Alokairu bizilagunen elkartea sortu zuen duela urte batzuk, eta azaldu dute promozioaren inguruko arazoa ez dela orain sortu, eta eraiki zenetik irregulartasunak nabarmenak izan direla. Alokairuko kide diren bizilagunek Eusko Jaurlaritzaren eta promozioaren ardura duen Testa Residencial-Socimi enpresen aldi baterako batasunaren jokabidea kritikatu dute. Gaineratu dute haien aurrean babesgabe sentitzen direla.
Bizilagunek euren kezka publiko egin dute, eta etxebizitzetako balkoi eta leihoetan kartelak zintzilikatu dituzte: “Babes Ofizialeko Etxebizitzak?” eta “Babesik gabeko BOE” irakur daiteke horietan.
Izan ere, Babes ofizialeko etxeak dira, lur publikoan eraikitakoak, baina 2028an etxebizitza horiek liberalizatuko dituztela baieztatu diete bizilagunei. 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak EAB eraikitzailearekin sinatutako kontratuaren arabera, 2028an promozioaren etxeen eskumena EBAren eskuetan geldituko da, eta ondorioz, alokairuaren prezioak liberalizatzeko «askatasun osoa» izango du enpresak. «Gaur egun 800 euro inguruko alokairua 1.300 eurora igo daiteke, merkatuaren prezioen araberako kuotak jarriko dituzte eta», salatu du Rosa Garcia Stop Kaleratzeak plataformako bozeramaileak.