Urumeako lurren etorkizuna herritarrek erabaki behar dutela aldarrikatu dute Loiolako kuartelen aurrean
Ate irekien jardunaldia egin dute asteburuan Loiolako kuarteletan, eta hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, jardunaldi hauen aurkako jarrera adierazteko. “Harrigarria” iruditu zaie militarrek jardunaldi hau ospatzea, eta aldi berean, Defentsa Ministerioak gune honen garapena oztopatzea: “Alferrikako gastu militarra izateaz gain, hiriaren garapena baldintzatzen dute, eta horrek jarrera lotsagabea adierazten du”, esan dute Bake Ekintza Antimilitaristako kideek.
Azaldu dute Defentsa Ministerioak Donostiako Udalari jarritako baldintzen arabera, donostiarren bizkar eraiki beharko litzatekeela beste kuartel bat, eta 100 milioi inguruko gastua ekarriko lukeela: “Ondorioz, Loiolako ingurune honen diseinua dirutza hori lortzeko helburuaren arabera egin beharko litzateke:etxebizitza kopurua, salneurria, babes ofizialeko etxeen kopurua… eta dirutan errentabilitaterik ez duten naturgune edo kultur zein kirolguneak murriztuko lirateke”, gehitu dute.
Udalak berreskuratu nahi du egun Loiolako kuartelak hartzen duen lurzorua. Eneko Goia jarduneko alkateak proposamen bat egin zion iaz Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroari: Zubietako Eskusaitzeta ingurua. Izan ere, ez da osorik erabiliko Zubietako kartzela egiteko aurreikusita zegoen lurzorua, proiektua aldatu egin baita, presoen gizarteratze zentro bat egiteko.
Bake-Ekintza Antimilitarista taldearen adierazpen osoa:
Ez dezatela militarrek erabaki Urumeako etorkizuna
Harrigarria iruditzen zaigu kuartel honetan Ate Irekien Jardunaldia ospatzea Defentsa Ministerioak Urumeako lur hauek herritarren beharrei erantzuna eman ahal izateko erabiltzea oztopatzen duen bitartean. Alferrikako gastu militarra izateaz gain, hiriko garapena baldintzatu ondoren jarrera lotsagabea adierazten du.
Defentsa Ministerioak Udalari jarritako baldintzen arabera, Donostiarren bizkar eraiki beharko litzateke 100 milioi inguruko gastua izango lukeen kuartel berria: ondorioz, Loiolako ingurune honen diseinua dirutza hori lortzeko helburuaren arabera egin beharko litzateke: etxebizitza kopurua, salneurria, babes ofizialekoen kopurua… eta dirutan errentabilitaterik ez duten naturgune edo kultur zein kirolguneak murriztuko lirateke.
Ba al du PSOE-ko Gobernuak benetako borondatea Urumeako inguru honetan herritarren beharrei erantzungo dien konponbide bat proposatzeko? PP-ko gobernuak Erret Dekretu baten bidez defentsarako interes bereziko gune izendatu zituen Loiola eta Jaizkibel, eta honek eremu hauek beste erabileretara bideratzeko aukera zailduko luke.
Baina bestalde gure buruari galdetzen diogu: ez al dute hirigintza-pelotazo bat bilatzen? Kasu honetan harritzekoena zera litzateke, administrazio publikoko atal batek, Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, gizarte beharrekin espekulatzen egongo litzatekeela.
Argi daukagu eremu honen jabe Nekazaritza Ministerioa balitz, edo Osasun Ministerioa edo Espetxe Zuzendaritza, Martuteneko kasuan bezala, aspaldi iritsiko liratekeela akordio batera.
Gerrarik gabeko etorkizun bat lortu nahi badugu, zenbait pauso ez daude erabaki geoestrategiko mundialen baitan. Adibidez, jarraian aipatzen ditugunak herritarren eta erakundeen esku daude:
– Euskal armagintza industriaren eraldaketa
– Errefuxiatuen arrera egokia
– Finantza etikoak eta gastu militarra murriztea
Gure ustez, soilik gizarte aktibazioaren bidez erdietsiko da etorkizun justuago bat. Intsumisioarekin ere horrela gertatu zen: orain dela 30 urte, 1989an, gutxiengo baten aukera desobedientea zen intsumisoa giltzarri bihurtu zen Loiolako kuartel honetan eta beste guztietan derrigorrez bete beharreko Soldaduska desagertze prozesuan.
Era berean, Urumeako inguru honetan koartelaren ordez etxebizitzak, kultur,kirol edo naturguneak garatzea, donostiarren gehiengo baten nahia dela uste dugu, eta ondorioz, herritarren esku dagoela Defentsa Ministerioari eremu honen gaineko blokeoa altxa dezan eskatzea, eta mobilizatu beharra daukagula gune hau ez dezan jarraitu militarren interesen arabera hipotekatua eta baldintzatua.