Nagusiak eta gazteak batu ditu hamalaugarrenez Zorroagako krosak
Zorroaga Fundazioak hamalaugarrenez egin zuen Belaunaldiarteko Krosa igandean. Adin guztietako 200 lasterkari inguruk hartu zuten parte krosean: 8 eta 14 urte bitarteko 150 haur eta 50 atleta beterano. Gainera, urtero egin ohi duten bezala, Eva Esnaola Agesta Hernani kirol klubeko ultra-iraupen lasterkariari omenaldia egin zioten. Esnaola Spartathon lasterketan parte hartu duen emakumezko espainiar atleta bakarra da.
Gazteenek, kategoriaren arabera, 500, 750, 1.000, 1.250 eta 1.500 metro arteko lasterketetan parte hartu zuten. Beteranoek, aldiz, bi kategoriatan banatuta egin zuten korrika: alde batetik 50 eta 60 urte artekoak (1000 m), eta bestetik, 60 urtetik gorakoak (750 m). Zorroagan bizi diren adineko pertsonek ere parte hartzeko aukera izan zuten kategoria berezi batean, bere kasuan senideen eta boluntarioen laguntzarekin, paseo bat emanez.
“Zorroaga Belaunaldiarteko Krosa kirol topagune oso berezia da partaideentzat, publikoarentzat eta boluntarioentzat”, adierazi dute antolatzaileek. Kirol ekitaldiaren xedea da Zorroaga zentroan bizi diren adineko pertsonen eta beren senideen—seme-alabak, bilobak eta birbilobak— arteko bizikidetza sustatzea, baita adineko pertsona horiekin zerikusirik ez duten pertsonei zentroko ateak irekitzea ere. Zorroaga Fundazioak 2005az geroztik antolatzen du kirol ekitaldi hau, eta azaldu dutenez jarduera “garrantzitsuenetako bat” da zentroaren estimulazio bio psikosozialerako programa.