Aldamar kaleko 32. zenbakian jarritako segurtasun kameren aurkako ekintza zuzena egin dute
Aldamar Berri sozietateak Parte Zaharreko Aldamar kaleko 32. zenbakian jarritako segurtasun kamerak kendu egin ditu ekintzaile talde batek, eta eraikinaren jabeetako baten aurkako ekintza egin du Azkoitian. Larunbat gauean, herrian zehar hainbat kartel itsatsi zituzten kendutako kameren irudiekin, etxebizitzen espekulazioa eta bizilagunen kontrako erasoak salatzeko.
Espazio publikoan kokatutako segurtasun kamerak jartzen dituzten bigarren aldia dela gogoratu dute ekintzaileek. Duela zenbait hilabete, eraikinaren jabeek jarritako beste kamera batzuk ere kendu zituzten, bizilagunen eskubideak urratzen zituztela argudiatuz. Datu Pertsonalak Babesteko Legearen arabera, espazio publikoen segurtasun funtzioa estatuko segurtasun indarrei dagokie, eta kamera pribatuek soilik salbuespen zehatz batzuetan grabatu dezakete eremu publikoa.
Eraikina erosi zuenetik, Aldamar Berri sozietateak horko bizilagunak kanporatzeari ekin diola salatu dute hainbatetan Parte Zaharreko bizilagunek, Aldamarko 32. zenbakian garatu nahi dutena proiektu espekulatzaile bat dela azpimarratuz.
Jarraian, larunbatean Azkoitian itsatsitako karteletan irakurri zitekeen oharra:
Jokin Errasti espekulatzaileari ekintza zuzena
Nor da Jokin Errasti Donostiako hiria hala erasotzeko? Espekulatzaile honek uste du gure hiria bere jolastokia dela, nahi duen eran erosi, saldu eta kontrola dezakeela. Donostiako Aldamar kaleko proiektu espekulatzailearen baitan, 32. portaleko bizilagunak erasotzen jarraitu du. Izan ere, bigilantzia kamerak jarri zituen eraikin barruan eta kanpoan. Kendu egin zitzaizkion, eta berriro ere kamerak ezarri ditu. Bigarren aldiz kendu dizkiogu. Bizilagunak kaleratzen jarraitzen du, nahiz eta auzoak argi utzi dion eraso hauen aurka dagoela, kartelen bidez, pintadekin, okupazioaren bidez eta manifestazioekin. Jende honek herritarrek baina zilegitasun gehiago duela uste du.
Horregatik, argi utzi nahi dugu espekulatzaile hauen kontrako ekintzak ez direla haserre adierazpen kasualak bakarrik, herriaren eta bizilagunen aldeko autodefentsa bat baizik. Geure auzoak haien eskuetan ez daudela frogatzen ari gara, besterik ez. Jokin Errasti, gure etxeetan kamerak jartzen, etxeak erosten eta bizilagunak kaleratzen jarraitzen baduzu, aurrez aurre aurkituko gaituzu.
Auzo Lokala eta desalojoa
Iazko ekainean, Parte Zaharreko gazte asanbladak eraikineko lokal bat okupatu zuen, urteetan zehar bideokluba izandakoa, eta Auzo Lokala sortu zuen hor. Egun gutxira, ordea, Udaltzaingoak lokala hustu zuen Ertzaintzaren laguntzarekin. Operazio hartan, identifikazioari uko egin zion gazte bat komisaldegira eraman zuen poliziak, eta atxiloketa saihesteko errepidean eseri ziren gazteen aurka jo zuen.