Alex Remiro Athleticeko atezaina fitxatu du Realak
Realak akordioa lortu du Alejandro Remirorekin eta orain arte Athleticeko atezaina izandakoak talde txuri-urdinean jokatuko du uztailaren 1etik aurrera. Jokalaria askatasun-agiriarekin iritsi da, eta 2023ko ekainaren 30a arte sinatu du kontratua. Klubak uztailaren hasieran egingo du aurkezpen ofiziala.
Remirok 24 urte ditu eta Cascantekoa da. Hain zuzen, bere herriko taldean hasi zuen bere ibilbidea jokalari gisa, kadete mailan Athleticek bere harrobiko taldeetarako fitxatu zuen arte. Bi urte egin zituen bilbotarren filialean eta 2016an utzita joa zen Levante UD taldera. Han lau partida besterik ez zituen jokatu eta neguko merkatuan Bilbora bueltatu zen. 2017ko udan SD Huescara joan zen eta, 41 partida jokatuz, taldea lehen mailara igotzen lagundu zuen. Pasa den urtean Bilbora itzuli zen baina ez zuen minuturik izan.