'Connecting Talent' nazioarteko bekak eskatzeko epea ireki dute
Donostiako Sustapenak Connecting Talent nazioarteko bekak eskatzeko epea ireki du. 35 urtetik beherako pertsonei zuzendurikoa da, eta hiriarekin loturiko nazioarteko berrikuntza proiektuak garatzeko laguntza da. Hautatuei sei hilabeteko egonaldia finantzatuko diete eta kudeaketa egiten lagundu. Hileko 1.400 euroko diru-laguntza jasoko dute.
Laguntza bat lortzeko, hautagaiek euren eskaera aurkeztu beharko dute atzerrian erreferentziazko erakundeetan egonaldia egiteko proiektuarekin batera. Era berean ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:
- Diplomatura, lizentziatura eta/edo goi mailako Lanbide Heziketako titulazioa izatea.
- 35 urte bete gabe izatea 2019ko urtarrilaren 1ean.
- Donostian erroldatuta egotea gutxienez urte bateko etenik gabeko antzinatasunarekin, 2019ko urtarrilaren 1ean, edo ikasketak hirian egin izatea, betiere EAEn erroldatuta baldin badago.
- Atzerrian 6 hilabeteko edo hortik gorako praktikak egiteko aukera ematen duen bekaren bat jasota ez izatea.
- Kasu guztietan, ingeles-maila altua izatea (C1) (antzinatasuna 4 urtekoa edo hortik beherakoa bada) eta helmugako herrialdeko hizkuntzaren maila altua izatea beharrezkoa den kasu haietan. Horretarako, ahozko eta idatzizko froga egingo da, hautagaiaren ezagutzak zehaztearren.
- Langabezian egotea programan hasten den unean.
Kanpoko ekintzaileak
Pasa den astean, Donostia Sustapenak deialdi berri bat jarri zuen abian kanpoko ekintzaileentzako. Enpresa proiektua Donostian garatzeko bost hilabetera bitarteko egonaldia, dietak eta proiektuaren aholkularitza eskaintzen dira. Connecting Talent Egoitzak izeneko programari esker, EAEtik kanpo dauden profesionalek egonaldia egin dezakete gure hirian, ekintzailetzarako aukerak bilatzeko, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako proiektuen eta negozio berrien bitartez.