Donostiako Bertsolari Eguna egingo dute larunbatean
Martxoan eta apirilean zehar egin zuten Donostia Bertsotan egitasmoaren jarraipena den Donostiako Bertsolari Eguna egingo dute larunbatean, ekainaren 15ean. 17:00etan hasiko da eguna, Erniope tabernan egingo duten bertso saioarekin. Herri tabernako saioak jarraituko dio horri 18:00etan, Belfast tabernakoak 19:00etan eta Aurresku tabernakoak 20:00etan. Afaltzeko tartea izango dute bertsozaleek, eta 23:00etan finala egingo dute Arrano elkartean.
Donostia Bertsotan egitasmoan Donostiako hainbat bertsolarik hartu zuten parte, eta maila handiko bertso saioetaz gozatu ahal izan zuten bertsozale donostiarrek. Unai Gaztelumendik, Beñat Gaztelumendik, Izarne Zelaiak eta Itxaso Piquer bertsolariek hartu zuten parte, besteak beste.