Eneko Goiak lekuko gisara deklaratu beharko du 'Bidegi auzian'
Donostiako jarduneko alkateak Azpeitiko 2. instrukzio auzitegian deklaratu beharko du, Bidegi auzian, lekuko gisa. Goiarekin batera Felix Urkola Lazkaoko jarduneko alkateak ere deklaratu beharko du. Berria egunkariak eman du albistea. Azpiegitura diputatua izan zen Goia.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak onartu egin du herri akusazioaren helegite bat, Gipuzkoako Aldundiak Bilduren agintaldian jarritakoa. Pasa den otsailean Azpeitiko auzitegiak atzera bota zuen Goia eta Urkola auzitegira deitzeko eskaria. Lurralde Auzitegiak, ordea, aintzat hartu du. Luis Maria Apraiz Errepideetako zuzendari nagusi ohia eta IDOM ingeniaritza enpresako teknikari bat ere deklaratzera deitu dituzte. Markel Olano jarduneko ahaldun nagusia ere auzitegira deitzeko eskatu zuten, baina Lurralde Auzitegiak baztertu egin du.
Bidegi auzian AP-1eko obretan egin gabeko lanengatik ordaindu izana aztertzen ari da Lurralde Auzitegia. Horren harira, bi kereila aurkeztu ziren. Auzitegiak ebatzi du orain interesa baduela Goiari, Urkolari eta Apraizi deklarazioa hartzeak, “kereilaren aztergaiaren gainean eztabaidatu eta erabakitzeko bilera batean parte hartu zutelako”. Zehazki, 2011ko urtarrilaren 24an Gipuzkoako eta Arabako diputazioek osatutako Batzorde Mistoaren bilera batekin lotuta dago Goiaren zitazioa; berak egin zuen batzordeko buru.
Ebazpenean jaso dutenez, “Arabaten ekarpenaz eta batzordea desegin ondoren ordainketetan egin zitezkeen erreklamazioen ardura Bidegiren gain uzteaz” aritu ziren bilkura hartan. Eskoriatza eta Arlaban arteko zatian Arabako diputazioaren menpeko Arabat sozietate anonimoak egin beharreko ekarpena onartu zuten, Arabako lurretan baitago errepide horren zati bat.
Bide luzea egin du auziak. Instrukziorako epea luzatu egin behar izan zuten, esaterako, 2017an. Bidegiri buruzko ikerketa batzordea 2015ean osatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bertan adierazi zuen Kimetz Etxeberria peritu txostenaren egileak agiriak “maltzurkeriaz” faltsutu zituztela. Batzordean, Markel Olanok eta Eneko Goiak berretsi egin zuten autobidean ordaindutako lan guztiak eginak zeudela —garai hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta Bide Azpiegituretako diputatu ohiak ziren, hurrenez hurren—.