Santa Klarako itsasargiko eskulturak 1,4 milioi euroko kostua izango du
Cristina Iglesias artistak egindako eskultura bat izango du Santa Klara uharteko itsasargiak. 2017ko apirilean aurkeztu zuen proiektua Donostiako Udalak, eta ordutik hainbat erabaki hartu dituzte. Aste honetan, jarduneko udal gobernuak Iglesiasen eskultura fabrikatu eta irlan instalatzeko kontratua onartu du. 1,4 milioi euro ingurukoa da prezioa eta 2020ko abenduaren 31 arteko iraupena izango du.
Pasa den apirilean udala eta Pasaiako Portu Agintaritza akordio batera iritsi ziren itsasargiaren eraikina egokitzeko. 30 urteko lizentzia adostu dute, eta beste 5 urtez luzatu daiteke. Itsasargia uda ostean birgaitzen hasiko dira, Iglesiasen eskultura jartzeko.