Añorgako ahozko memoria berreskuratu dute Amassorraineko ikasleek
Ikasturtea amaitzear da eta hezkuntza zentroetan azken hilabeteetan zehar ereindako haziak loratzen hasi dira. Añorgako Amassorrain ikastolako 6. mailako ikasleak auzoko ahozko memoria berreskuratzeko lanetan ibili dira urtean zehar, eta egin duten proiektuak bere fruituak eman ditu. Auzoko hainbat pertsona esanguratsu elkarrizketatu dituzte ikasleek, eta prozesuaren nondik norakoak erakusketa batean bildu dituzte. Gaur aurkeztu dute Museum Cemento Rezolan Hariak sortzen erakusketa.
Bigarren urtez jarri dute martxan Hariak sortzen egitasmoa, Rezola Museoarekin batera, eta Amaia Llorente museoaren koordinatzailearen ustez “belaunaldiak elkartzeko aukera paregabea” da proiektua. Egitasmoa museoak berak eta K6 Gestion Cultural enpresak lankidetzan garatu duten Añorgatarrak ikerketa proiektuaren barruan kokatuta dago, eta 2010etik garai bateko industria koloniaren bizilagunen testigantzak jasotzen ari dira.
Gaur arratsaldean Amassorraineko ikasleak izan dira aurkezpenaren protagonistak, baina haiekin batera egon dira irakasleak, gurasoak eta museoko arduradunak. Adrian Perez irakasleak ikasleekin batera parte hartu du prozesuan, eta honakoa adierazi du: “Konpetentzia garai honetan, esan dezaket gure ikasleak guztiz konpetenteak izan direla”.
Ikasturtean egindako elkarrizketa guztiak bideoz jaso dituzte, eta horiekin ikus-entzunezko lan bat osatu dute. Gaurko ekitaldian 30 minutuko laburpen bat proiektatu dute, elkarrizketen zatiekin osatutakoa. Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Amaia Llorente Rezola museoko koordinatzailea, Mertxe eta Mari Karmen auzoko gozoki dendako langileak, Jokin eta Nerea Arkaitz dantza taldeko dantzariak, eta Miguel ogi banatzailea dira elkarrizketatuak. Haietako batzuk ekitaldian parte hartu dute.
Erakusketak ikasturtean zehar egindako prozesuaren berri emango die bisitariei, eta ikusgai egongo da udara osoan.