Donostiako kale gehienek gizon izenak dituzte
Non daude emakumeen izenak? Donostiako espazio publikoen izendegian emakumezkoen izena aurkitzea lan zaila da. Grosen, esaterako, ez dago emakume izena duen elementu bakar bat ere. Emakumeak eta Hiria Foroak urte ugari daramatza hiria genero ikuspegitik lantzen, eta gabezia hori grafikoki irudikatu dute mapa interaktibo batean. Lan horretan ibili dira Foroko Maialen Ruiz de Prada eta Ana Txurruka.
Guztira, 894 kale, plaza, pasabide, eta abar daude Donostian, eta horietatik 49k dute emakumeen izena eta 285ek gizonezkoena. Ruiz de Pradak esandakoaren arabera, zaila da datu zehatzak ezagutzea, irizpideak askotarikoak izan daitezkeelako: emakumezkoen eta gizonezkoen izen zehatzak dituztenak, genero bakoitzarekin zerikusia duten ogibideak, eta abar. Hala ere, gutxi gorabeherako datuek honakoa diote: kale izendegian agertzen diren kale guztiak kontuan hartuta %37 dira pertsonak, eta horietatik, gutxi gorabehera, %32 gizonak eta %5 emakumezkoak.
IRUTXULOKO HITZAk hiriko espazio publikoen izendegian emakumezkoen izenen gabeziaren inguruan hitz egin du maparen egileekin. Erreportajea irakurgai egongo da ostiraleko astekarian.