Udalak 1,8 milioi euro bideratuko ditu hainbat ikastetxe berritzera
Donostiako Udalak lanak egingo ditu udaran hiriko hainbat ikastetxe eta haur-eskolatan hobekuntzak egiteko. Guztira 1.889.277 euroko inbertsioa egingo duela jakinarazi du udalak, eta besteak beste, lanak Intxaurrondo, Amara Berri, Amassorrain, Zuhaizti, Harri Berri Oleta eta Katalin Erauso ikastetxeetan egingo dituzte.
Jon Insausti udaleko Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez “ezinbestekoa da hiriko hezkuntza eraikinetan hobekuntza eta berritze lanak gauzatzea”. “Ikasturtean zehar Donostiako haur eta familia askorentzat erreferentziazko eraikinak dira, hezkuntza ikuspegitik bereziki” gogorarazi du Insaustik. Zinegotziak gaineratu du erabilera handia duten eraikinak direla, egunero milaka donostiar jasotzen dituztelako.
Lan batzuk soilik udal ekarpenari esker finantzatuko dira, eta horretarako, 1.584.693 euroko inbertsioa egingo du udalak. Beste batzuk, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean ordainduko dira. Azken hauetan Udalak 304.584 euro bideratuko ditu.
Udalaren Hezkuntza Sailak finantzatuko du, esaterako, Harri Berri Oletako patioan jarriko den estalkia (320.000 euro), eta hainbat obra txiki eta ertain (350.000 euro). Bestalde, Ingurumen Sailaren aldetik ere lanak egingo dira eskola eraikinetan (526.705 euro). Hain zuzen ere, Katalin Erauso ikastetxean energia eraginkortasuna handitzeko lanak egingo dituzte oktogono forma duen eraikinean (280.064 euro); Ferreriaseko Amara Berri ikastetxean, berriz, galdara berria jarriko dute (95.455,69 euro); Intxaurrondo Ikastolan galdara ordezkatuko dute (91.270,30 euro), eta argiteria berrituko da (30.796,58 euro) eta azkenik, Zuhaizti Ategorrietan argiteria berrituko dute (29.117,66 euro). Bestalde, Proiektu eta Obretakoek Urbietako Amara Berri Ikastetxean, patio ingelesa berrituko dute 387.988 euroko aurrekontuarekin.
Era berean, lau eskolatako eraikinetan egingo diren lanak Udalak %40 eta Eusko Jaurlaritzak %60 ordainduta egingo dira. Hezkuntza atalak guztira, 304.584 euroko inbertsioa egingo du. Intxaurrondo Ikastolan estaldura berrituko dute (238.956,49 euro); Urbietako Amara Berri Ikastetxean, patioko arotzeria berrituko dute (188.380,30 euro), galdara berria jarriko dute (146.988,10 euro) eta gela batzuetako sabai aizunak ordezkatuko dituzte (33.620,58 euro); Amassorrain Ikastolan haur hezkuntzako gela batzuk berrituko dira (117.677,96 euro) eta gela hauetako kanpoko arotzeria ordezkatuko dute (24.833,80 euro), eta Zuhaizti Biteri Ikastetxean, kanpoko arotzeriaren zati bat ordezkatuko dute (11.001,99 euro).