Hiru asteburuko jaiak Herreran
Joan den astean jaietako kirol asteburua egin ondoren, festarako bi asteburu luze gelditzen zaizkie Herrerakoei.
“Lan asko eta sakrifizio handia suposatzen du, baina gustuz antolatzen ditugu jaiak, auzoa bizirik ikustea oso polita baita”. Hala azaldu du nolakoa izan den aurtengo jaietako antolakuntza Ane Lazkanok, Herrerako Jai Batzordeko kideak. Aurten “hiru asteburu osoko jai biribilak” antolatzea lortu dutela esan du jai batzordeko kideak.
Aurreko asteburuan hasi ziren jaiak Herreran, kirol asteburuarekin. Hala deitzen diote kirol jarduerak izaten direlako nagusi, hala nola, pala txapelketa, esku pilota txapelketa eta herri krosa. Gauean, aldiz, Larratxoko jaietara joateko deialdia egin zuten.
Ofizialki, ordea, atzo hasi ziren Herrerako jaiak, arratsaldean egin zuten txupinazo eta pintxo pote elegantearekin. Gaur gauean izango da jaietako ekitaldirik indartsuena, 22:00etatik aurrera Kaotiko, Txapelpunk eta Josetxo Piperrak taldeek joko baitute plazan. Rock eta punk musika izango dira nagusi, “rock giroan Herrerako plaza beteta ikustea oso polita” baita, Lazkanoren arabera.
Biharko egunari dagokionez, 12:00etako paella lehiaketa, 17:00etan Luisito eta Luisitarekin batera egingo duten haur txupinazoa eta gaueko Ezten Giro taldearen berbena dira jarduera garrantzitsuenak. Igandean, aldiz, Euskal Jaia izango da auzoan, goizean goizetik Donostiako Udalaren Txistulari bandaren dianarekin hasiz. Horretaz gain, Boilur Azoka, Kantujira eta Barrikotea egongo dituzte egunean zehar, beste hainbat jarduerarekin batera.
Hirugarren asteburua
Asteburu indartsuena bigarrena izaten bada ere, San Joan bezpera ospatu ohi da Herreran ere, San Luis egunetik (ekainak 21) oso hurbil gelditzen baita. Hirugarren asteburu hori, ordea, beti “pixka bat zintzilik” gelditzen zaiela adierazi du Lazkanok. Ez da aurtengo kasua, jai batzordeko kidearen arabera, datorren asteburua ere borobila izatea lortu baitute.
Ekainaren 21eko haurrentzako pailazoen ikuskizuna nabarmendu du Lazkanok, eta baita karaoke lehiaketa ere. Urteak zeramatzaten karaokea egin gabe, eta aurten berreskuratu egin dute.
Larunbatean, ekainaren 22an, iritsiko da aurtengo berritasun nagusietako bat. Izan ere, Zumba, GAP eta Euskal Dantza emanaldietaz gain, Herrera eta Trintxerperen arteko Herri Kirolen apustua egingo dute, 18:00etan.
Ekainaren 23a, San Joan bezpera, triki-poteoarekin hasiko dute 19:00etan, eta era tradizionalean bukatuko dute, Lazkanoren arabera: “San Joan sua, dantza eta parranda luzea egingo ditugu”.