Igarako farmazeutika
XX. mendearen hasieratik Errege-Erregina Katolikoen kalean egon ondoren, 1973an Igarara eraman zuten Union Farmaceutica Guipuzcoana enpresaren biltegia. Ordutik hor dago, eta Gipuzkoa sendagaiez hornitzen jarraitzen du.
Gipuzkoako sendagaien banaketa on bat bermatzeko asmoarekin elkartu ziren probintziako 16 botikari XX. mendearen hasieran. Hortik sortu zen Union Farmaceutica Guipuzcoana sozietatea, 1902ko otsailaren 24an. Espainiako estatuko lehen enpresa farmazeutikoa izan zen, eta laster batu zitzaizkion probintziako gainontzeko botikariak.
Gaur egun dena informatizatuta badago ere, garai hartan eskuz prestatzen zituzten bezeroen eskariak eta baita emate-agiriak ere. Garraioa ere ez zen gaur egungoa bezalakoa, eta Erdialdeko Errege-Erregina Katolikoen kalean zuten egoitzatik autobusetan eta trenetan bidaltzen zituzten sendagaiak Gipuzkoa guztiko farmazietara.
Horrela egin zuten lan 1961. urtera arte, enpresaren lehen furgoneta erosi baitzuten urte hartan. Aurrerapauso handia izan zen hori, era horretan, produktuek egiten zuten ibilbidearen kontrola baitzuten.
Enpresaren historiaren beste data esanguratsu bat 1973. urtea izan zen. Urte hartan eraman zuten egoitza Igarako poligonoetara, eta han dago oraindik 6.000 metro karratu inguruko biltegia. Poligono horietako lehen eraikina izan zen, eta Eduardo Txillida eskultorearekin batera Haizearen Orrazia eraiki zuen Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatu zuen.
Enpresa asko hazi da, eta Amorebietan eta Oiartzunen ere baditu biltegiak gaur egun. Guztira 170 langile baino gehiago ditu, 25.000 erreferentzia inguru eta 25 ibilgailuko flota bat.