Igela brotxeta
OSAGAIAK:
- Itsas zapoa.
- Cherry tomatea.
- Mozzarela gazta.
- Kalabazina.
- Oliba olioa.
- Soja saltsa.
- Irina.
- Arrautza.
- Pankoa.
PRESTAKETA:
Alde batetik, kalabazina paja erara baino pixka bat lodiago moztuko dugu eta oliba olioan poxatuko dugu. Behin poxatuta, erreserbatuta utziko dugu.
Beste aldetik, zapoa garbitu eta kubotan moztuko dugu. Pintxo bakoitzeko bi kubo erabiliko ditugu. Gazta zati bat antzeko tamainan moztuko dugu, eta irinetan, arrautzetan eta panko ogi birrindu japoniarrean pasatuko dugu. Cherry tomate bat hartuko dugu, eta xiringa batekin soja saltsa sartuko diogu barruan. Makilatxo batean jarriko ditugu zapoa, gazta eta tomatea, eta frijitu egingo ditugu. Azkenik, brotxeta platerean jarriko dugu eta kalabazina ondoan, patata frijituak bailiran.
Angel Barrios, Igela jatetxea
“Gure hiru ardatzak kalitatea, azkartasuna eta prezioa direla esan dezakegu”
Duela hamalau urte ireki zituen ateak Ibaetako Igela jatetxeak, eta ordutik, zonaldeko enpresetako langileak dira bere bezero nagusiak.
Lantegi artean zaudetenez, bezero gehienak langileak izango dira, ezta?
Gure bezero gehienak inguruko enpresetako langileak dira, baina badago ere inguruan bizi den eta ezagutzen gaituen jendea. Etortzen den jendearen %80 edo %90 ohiko bezeroak dira.
Beraz, asteburuak lasaiagoak dira?
Larunbatetako bezeroak ere baditugu, familia giroan etortzen direnak, baina asteburuak lasaiagoak izaten dira.
Prezioak herrikoiak dira?
Bai, bezeroa zaintzen saiatzen gara, prezioekin pasa gabe. Beti saiatzen gara kalitatearen eta prezioaren arteko oreka mantentzen. Menuak 10,70 euro balio du, eta egunero bost lehen plater eta bost bigarren plater desberdin eskaintzen ditugu.
Taberna eta jatetxea dituzue. Zerk dauka arrakasta gehiago?
Orduaren arabera, baina orokorrean tabernan lan gehiago egiten dugu.
Ogitartekoekin eta menuekin ere lan asko egiten dugu, jendeak azkartasuna eskatzen baitu. Gure hiru ardatzak kalitatea, azkartasuna eta prezioa direla esan dezakegu.
Gosaltzera ere etortzen da jendea?
Denetarik dago. 6:00etan irekitzen dugu, eta gosariekin hasten gara. Ondoren, 10:00ak aldera, hamarretakoekin jartzen gara, eta 13:00ak aldera bazkariekin. Ematen ez dugun bakarra afariak dira, sukaldea 20:00etan ixten baitugu.
Gomendatuko zenuke hiriko beste jatetxeren bat?
Ibaetako Aratz erretegia eta Parte Zaharreko Morgan Kompany. Oso ondo jaten da bietan.