Kostaldea eta itsasoa babes dezagun
Uda giroan sartuta itsasertzera hurbiltzen gara. Ikusten dugunak kezkatzen gaitu, baina okerragoa da ikusezina zaiguna, mikroplastikoak eta biodibertsitatearen galera kasu. Itsasoak babesa behar du eta guk gure ohiturak aldatu. Euskal itsas-korridore ekologikoa noizko?
Uda badator eta dagoeneko hondartzen denboraldia hasita dago. Eguraldia askoren kezka ulergarria bada ere, hobe genuke klima aldaketaren mehatxuaz arduratzea, gure jokabideak zuzenduz. Garai ezin aproposagoa da gure garraio ohiturak aldatzen hasteko, eta, esaterako, gure hankak erabiltzeko, oinez edo bizikletaz ibilita. Garraio publikoak aukera zabala eskaintzen digu, beraz auto pribatuaren erabilera saihestu beharko genuke, bestela azkenean gure «askatasunak» itoko gaitu eta!
Hondartza eta itsasoko ura garbia, itxuraz bada ere, ikusi nahi dugu. Gure kontsumo ohiturak aldatu gabe eta batzuk, inguruarekiko zerri hutsak izanik, miraria edo espero dute. Gero edateko ur garbia nahi dugu, arnasteko aire purua eta janari sanoa (osasungarria den beste kontu bat da). Nola, bada, planeta hondakinez betetzen ari bagara?
Plastikoen arazoa gero eta larriagoa da. Gutxi barru, adituek esanda, itsasoan arraina baino plastiko gehiago egongo da. Plastikoetan harrapaturiko izurde, dortoka eta arrainen irudiek, edota sabela plastikoz beteta zuen balearen irudiek hunkitu egiten gaituzte. Oso ongi daude kostaldea garbitzeko egitasmoak, berriki Urdaibain edo pixka bat lehenago Deba-Zumaiako Biotopoan buruturikoak kasu.
Haritzaldek ere horrelakoetan parte hartzeaz gain, antzekoak antolatu ohi ditu. Iaz, esaterako, Igeldoko Agitiko kala 18-20 urteko gazteen laguntzaz garbitu genuen. Ikusten dugunak kezkatzen gaitu, plastiko handiak, poltsak, ontziak, baina askoz larriagoa da ikusezinak zaizkigun mikroplastikoen arazoa. Nonahi topa daitezke: arnasten dugun airean, edaten dugun urean, jaten ditugun elikagaietan… Gure gorputzetan, odolean bertan, daramatzagu eta ondorioak pairatzen hasi gara.
Kontsumoa gutxitu, ohiturak aldatu eta gure aztarna ekologikoa txikiagotu behar dugu, ekonomia zirkular baterantz joz. Ingurumari honetan itsasora itzuli nahi genuke; alegia, arrantza munduari eta jaten ditugun arranei begira. Gaur egun, munduko edozein bazterretatik etortzen zaizkigu, hemen, gertukoak gero eta urriagoak zaizkigun bitartean. Arrantza-ontzi kopurua ikaragarri jaitsi da, ehunka, portu askotan, Donostian kasu, ia desagertzeraino. Arrantzaleak ere desagertzeko arriskuan, milaka lanpostu galdu direlarik. Hemen ere ekonomia zirkular batetik urrun gabiltza, itzulbiderik gabeko korronte batean harrapatuta.
Batzuk hondartzan harriak agertzearekin kezkatuta bizi dira. Estetika eta erosotasun arazoa ingurumen mailan kokatu nahi izan dute, ekologikoa bilakatzeko arriskua ekarriz. Guri are gehiago kezkatzen gaituzte zaborrek, ikusten diren eta ikusezin diren plastikoek, eta bereziki etengabe galtzen ari garen biodibertsitateak eta biomasak berak. Egun, gure kostaldea eta lehen miliak haztegi erraldoia behar luketenak, biziaz beterikoak, ia basamortu dira. Non daude garai bateko Gelidium alga gorrien itsaspeko zabalguneak? Zer gertatu da bertako arrantza-kala guztiekin? Non daude arrainak? Harrien jatorriak baino gehiago, betetzen duten funtzio ekologikoak kezkatzen gaitu, bertan bizi diren bizidunak alegia. Gure ustez, Donostiako kostaldea, Euskal kostalde osoa, babestu beharko genuke, batez ere itsasoa.
Hortaz, Haritzaldetik Donostian eskatu dugu Uliako Babes Bereziko Eremua (BBE) itsasora zabaltzea eta Mendizorrotzen itsasoak hartuko lukeen BBE berria sortzeko ahaleginetan gabiltza. Itsas-labarrak, arrokak, itsasaldien arteko zabalguneak, hondartzak eta itsasoko lehen miliak babestu behar ditugu.
Egitasmoarekin bat eginez
Itsasoko ekosistemak eta arrantzak bizirautea nahi bada arrantza-politikek aldaketa sakona behar lukete. Horregatik bat gatoz Ondarroa 12 milia egitasmoarekin. Izan ere, kostaldetik gertuen dauden 12 miliak eremu babestu izendatuz gero, arrainek ugalketa-prozesua inolako oztoporik gabe egitea bideratuko bailitzateke, haztegi naturala berreskuratuz. Gune horretan, zorrozki babesturikoetan izan ezik, artisau erako arrantza (amua, sare txikiak) soilik egongo litzateke baimendua, aipatu ugalketa ziurtatzeko. Oraingoz, Bilbotik Hondarribira doan tartean ezartzeko eskaera egina dago.
Aldi berean, Donostiatik Miarritzeraino itsas-korridore ekologikoa sortzeko ekimena ibili badabil eta duela urte batzuk, Oceana eta Euskadiko Biologoen Elkargoak bultzatuta, Eusko Legebiltzarrak eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Ingurumen Ministerioari elkarlanean aritzeko, Jaizkibel eta Uliaren aurreko itsas eremuan babes ereduak zehaztearren. Proposamenak Uliatik Miarritzera arteko itsas korridore ekologikoa sortzea aurreikusten du, Europako Batasuneko Natura 2000 sarearen barruan. Frantziako Gobernuak Miarritzeko itsas eremua Natura 2000 sarean 2014an sartu zuen.
Korridore berriari esker 35 kilometro luze eta 27.000 hektareako babesgune bat eratuko litzateke Donostia eta Miarritze artean. Eremu horretan 1.000 espezie inguru daude, horietako 50 babestuta, eta 113 habitat ezberdin.