Eneko Goiak aginte makila jaso du
Aurreikuspen guztiek zioten moduan, EAJko Eneko Goia izendatu dute Donostiako alkate gaur goizean udaletxean egindako ekitaldian. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeak pasa eta hogei egunetara osatu dute Donostiako Udaleko udalbatza 27 zinegotziek, eta Goiak aginte makila jaso du.
Udalbatzar aretoa jendez bete da hurrengo lau urteetan Donostiako Udala gidatuko duen udalbatza berriaren osaketa zuzenean jarraitzeko. Adin mahaiaren osaketarekin hasi da ekitaldia, eta Miguel Angel Diez PSE-EEren zinegotzia eta Mikel Lezama PPren zinegotzia izan dira hori egiteko arduradunak; helduena eta gazteena izateagatik, hurrenez hurren. Aipatzekoa da Lezama joan den ostegunean pasa zela PPren hirugarren zinegotzia izatera, Ines Baroja eta Blanca Tejada bere alderdikideen ukoaren ondoren. EAJko Jon Insausti izango litzake zinegotzi gazteena, Lezama sartu ez balitz.
Adin mahaiko kideek eta gainontzeko zinegotziek kargua eta eserlekua hartu ondoren, zin egiteari ekin diote denek. Protokolotik pixka bat atera diren bakarrak Elkarrekin Podemoseko Aitzole Araneta eta Haizea Garai zinegotziak izan dira, “errepublikaren eta feminismoaren alde eta legeak behartuta” zin egin baitute. EAJren eta EH Bilduren zinegotzi gehienek “legeak behartuta” eman dute hitza, eta EH Bilduko Zigor Etxeburua haratago joan da, “lege arrotzek behartuta” eman baitu hitza.
Guztiek zin egin ondoren, Goiak eta Aranetak baino ez dute alkate izateko hautagaitzarik aurkeztu, eta bozketa sekretua egitera pasa dira zinegotziak. Aldeko hamabost boz eskuratu ditu Goiak, hiru Aranetak eta bederatzi boto zuri egon dira. Gehiengo osoa lortzeko nahikoa dira hamalau boto, beraz, Goia alkate izendatua izan da, txalo artean. Gogoratu beharra dago EAJk hamar zinegotzi dituela udalean, EH Bilduk sei, PSE-EEk bost, PPk hiru eta Elkarrekin Podemosek beste hiru.
Zinegotzi gazteena den heinean, Lezamak eman dio aginte makila Goiari, eta hau pozik agertu da beste lau urtez karguan jarraitzeagatik. Eskerrak eman dizkie PSE-EEren zinegotziei aldeko botoa emateagatik, eta datozen lau urteetan “arduraz” jokatu duela esan du. Orain arteko bide beretik jarraitzearen aldeko apustua egin du Goiak, “apaltasunez, zintzoki eta gogor lan eginez”. Horregatik, datorren astean PSE-EErekin hitz egiten hasiko direla esan du, ahalik eta azkarren akordio batera iristeko. Haren aburuz hori da “Donostia hobea” eraikitzeko bidea, eta “donostiar guztien alkatea” izango dela nabarmendu du. Bere alderdi bereko Jesus Maria Alkain lehen aldiz Donostiako alkate izendatu zutenetik 40 urte pasa direla gogoratu du Goiak, eta bere garaian Manuel Matxain bertsolariak Alkaini eskainitako bertso bat irakurriz bukatu du bere diskurtsoa.
Bozeramaileen hitzak
Goiaz gain, beste lau alderdietako bozeramaileek ere hitza hartu dute, ekitaldia baloratzeko eta hurrengo lau urteetako erronkak aditzera emateko.
“Eneko Goiaren eta Ernesto Gascoren” hiri ereduaren aurka jo du Aranetak, herritarrak aintzat hartzen ez dituztela salatuz. Datozen lau urteetan bere taldeak auzoei garrantzia ematearen alde, prekarietatearen aurka, eta feminismoaren alde lan egingo duela nabarmendu du: “Etxebizitzaren arazoari aurre egingo diogu, turismoaren kudeaketa okerraren aurka joango gara, politika feministak sustatuko ditugu eta hiritarren ahotsa udalera ekarriko dugu”.
Donostiako Udaleko zinegotzi izatea “ohorea” dela azpimarratu du PPko Borja Senperrek, eta baita donostiarrek udaletik asko espero dutela ere. Lankidetzan aritzeko eta akordioetara iristeko eskua luzatu dio Goiari, beti ere, inbertsio erakartzearen eta talentua hirian mantentzearen alde. Politika egiteko modua berritzera datozela azaldu du Senperrek: “Udal politika astintzera gatoz, eta ez gara korporazioaren alderik mantsoenagatik arrastatzen utziko. Autokonplazentzia gutxiago eta alaitasun gehiago”.
“Arduraz eta Donostiarekiko konpromisoarekin” jokatu dutela adierazi du Gascok, Goia zoriontzearekin batera. Hurrengo legealdian orain arteko “akordioen eta ulermenaren” bide beretik jarraitzearen alde egin du, hori baita, bere ustez, “elkarbizitzarako eta aurrera egiteko bidea”.
“Donostiarren interes orokorra” defendatuko dutela adierazi du EH Bilduko Reyes Carrerek, “hanka bat erakundeetan eta bestea kalean” edukiz. Hurrengo legealdian bere alderdiaren ardatzak izango direnak aipatu ditu Carrerek, hala nola, bizi kalitatea hobetzea, auzoen arteko desorekak gainditzea, mugimendu feministarekin lankidetzan aritzea, euskara eta euskal kultura sustatzea, preso donostiarrak hurbiltzea eta sufrimendu mota guztiekin egotea. Bestalde, udal gobernua hurbiletik behatuko dutela nabarmendu du: “Gobernua behatuko dugu, eta behar denean aurrean izango gaituzte eta behar denean lagunduko diegu”.