Bederatzigarren urteurren festa egingo du Emakumeen Etxeak
Donostiako Emakumeen Etxeak bederatzi urte beteko ditu azaroan, baina aspalditik udaberrian ospatzen dute urteurrena. Aurten ere hala izango da, eta ekainaren 22an, larunbatean, egingo dute urteurren festa. Egiako Dabadaba aretoan izango da, eta 20:00etan hasi eta 00:00etan amaituko da. Festa Dabadaban izango den arren, 19:45etan jarri dute hitzordua Tabakaleran; handik abiatuko da Emakumeen Etxeko batukadak girotutako kalejira aretora.
Festa emakumeentzat soilik izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta ohi bezala, etxeko jardueretan parte hartzen dutenek erakustaldiak egingo dituzte. Gainera, Karaoke Sabur eta DJ Placida Yyeren saioak egongo dira.