Errefuxiatuekin mentoretza programan parte hartzeko deia egin du SOS Arrazakeriak
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da ekainaren 20a, eta horren harira, azken urteetan martxan jarri duen errefuxiatuen mentoretza programa balioan jarri nahi izan du SOS Arrazakeriak. Herritarrak programan parte hartzera animatu dituzte, eta adierazi dute “modu aproposa” dela “pertsona orori irekia dagoen gizarte abegikor bat eraiki ahal izateko”.
2015. urteaz geroztik Europara iristen saiatzen ari ziren pertsonen egoerari erantzuna emateko asmoz, Gipuzkoan bizi zen elkartasun maila potentziala egiaztatzeko ikerketa bat egin zuen SOS Arrazakeriak, eta emaitza positiboa ikusita, mentoretza-programa praktiko bat martxan jartzeko deialdia egin zuen. Egitasmoa Gipuzkoan bizi diren familien eta taldeen artean mentoretza programa bat ezartzean datza, pertsona eta familia errefuxiatuekin. Programak lurraldeko beste erakunde eta eragile askoren babesa jaso zuen: Hotz Zarautz, San Telmo Museoa, Albaola eta Reala, Caixaren gizarte-ekintza programa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Bost urte lehenago Gipuzkoan jatorri migratzaileko adingabeekin martxan jarritako Urretxindorra Mentoretza proiektuan izandako esperientzia oinarri hartuta, eta CEAR-ekin lankidetzan, mentoretza programa jarri zuten martxan azkenean. Egun, zazpi talde daude Gipuzkoako lau herri eta hiritan: Donostian, Errenterian, Irunen eta Billabonan. Guztira, 17 pertsona errefuxiatuk eta bertako 22 pertsonak osatzen dituzte.
SOS Arrazakeriak esperientzia pilotuaren balorazio positiboa egin du, eta pertsona boluntarioek izandako konpromisoa nabarmendu dute: “bere denbora eta dedikazio osoz egoera lazgarria jasaten ari direnen urratsak partekatzen dituzte”. Era berean, pertsona errefuxiatuek mentoreengan ezarritako konfiantza azpimarratu dute.