Euskal Herriko objektu tradizionalen lehiaketako lan irabazlea ikusgai egongo da San Telmo Museoan
Hirugarrenez egin dute aurten Euskal Herriko objektu tradizionalen HAU lehiaketa, eta Uxue Ariztimuñok, Amaia Baztarrikak eta Olatz Mandiolak egindako ZURA proiektuak irabazi du. Euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea du helburu lehiaketak.Aurtengo edizioan zizeilua hautatu dute proiektuak egiteko. Euskal Herriko baserrietako jatorrizko altzaria funtzional bat da zizeilua, sutondotik gertu dagoen horma batean jartzen dena eta bizkarralde garaia duena.
Lan irabazleaz aparte, adituez osatutako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Aizea Fernandez de Lapeña eta Idurre Elorzaren EAKO lanari. Finalera iritsi direnak Hugo Ostiza eta Maika Lakunzaren HUKA, Unai Zabaleta eta Markel Uribarrenen TXELU eta Sergio Rosinos eta Gorka Olanoren OHEyou lanak izan dira. Bestalde, proiektu hautatuak Andrea Arruti eta Julen Hernandezen SUSTRAI, Leire Garmendia eta Garazi Otxandorenaren ECOTXIL, Ander Otegi eta Ibai Callejaren JARGOI eta Eneko Merinoren ZuzuYou izan dira. 30 lan inguru aurkeztu ziren guztira lehiaketara, eta aipatutakoak izango dira ikusgai egongo direnak San Telmo Museoko gastrokultura gunean, abuztuaren 31ra arte.