Hirugarren Auzoa Berreskuratu Eguna egingo dute larunbatean Parte Zaharrean
Auzoko bederatzi eragilek osaturiko lan mahaiak 3. Auzoa Berreskuratu Eguna egingo du larunbatean Parte Zaharrean. Auzotarrek jasaten duten ekipamendu falta borrokatzeko sorturiko taldeak halako bi ekitaldi egin ditu aurretik, bata otsailean, plataformaren aurkezpen egunean, eta bestea martxoan. Honakoan, bizilagunak elkartu eta auzoko bizitza indartzea helburu duen egitasmoa kaian egingo dute, Kaia herritarrontzat lelopean.
12:00etan Portaletan elkartzeko deia egin diete auzotarrei, Kaiko arazoak izenburua daraman bisita gidatuan parte hartu dezaten. Ondoren, etxetik emandako hamaiketakoa jango dute kaiko arrapalan, bainu kolektiboa hartu aurretik. Eta, azkenik, ‘Perrita al agua’ izeneko ekitaldiarekin, amaiera emango diote aldarrikapen egunari.