Isatsa saltsan Zumardiko erara
OSAGAIAK
– Isatsa
– Kalabazina
– Porruak
-Azenarioak
– Tipula
– Arto irina
– Ardo beltza
PRESTAKETA
Lehenengo pausoa da haragia markatzea. Egosi baino lehen, oliotan frijitu behar da, gero ongi mantentzeko saltsa barruan. Beraz, olioa beroa dagoenean, haragia alde guztietatik frijitu behar da, eta, ondoren, lapikoan jarri.
Haragia prest dagoenean, saltsa prestatzeko ordua izango da. Haragia egin dugun zartaiari olio pixka bat kenduko diogu, saltsa oso oliotsua ez geratzeko, eta hor bertan egingo ditugu barazkiak. Horretarako, barazkiak garbitu eta puska txikitan su baxuan egin behar dira, poliki-poliki. Dena egina dagoenean, ardoa bota eta irabiagailurekin dena nahastuko dugu. Presioko eltzean dena egosi behar da ondoren, Kilo bakoitza zortzi minutuan egiten da; lapikoan, berriz, ordubete inguru beharko du.
Zumardin aukera dago errazio edo plater gisa eskatzeko isatsa. Platerean, patata frijituekin.
Aitor Iturralde; Zumardiko sukaldaria
“Amak eta amonak ireki zuten, osabekin batera”
Etxeko negozioa da Herrerako Zumardi taberna. Duela hogei urte ireki zuten, eta belaunaldiz aldatzen joan da. Familia giroko taberna eta jatetxea dute, eta euren egunerokoaren berri eman digu Aitor Iturralde sukaldariak.
Noiz hasi zen Zumardiren historia?
Duela hogei urte amak eta amonak ireki zuten, osabekin batera. Ordutik filosofia berarekin mantendu dugu.
Zein da zuen eskaintza?
Eguneko platera izaten dugu astean zehar, bazkaltzeko. Bigarren plater baten modukoa izaten da, eta aldatzen joaten gara. Saiatzen gara barazkiak sartzen, haragia eta arraina, eta bost euroko prezioa izaten du.
Horrekin batera, izaten ditugu plater konbinatuak, entsaladak, arroza eta antzeko platerak. Eramateko aukeren artean baditugu frijituak eta ogitartekoak.
Badu zerbaitek arrakasta berezia?
Ogitartekoen artean, gehien saltzen direnak dira oilasko begetalarena, eta azkenaldian asko eskatzen dute urdaiazpikoa, gazta, piperrak eta perretxikoak dituena. Atuna, arrautza, antxoa eta mahonesa duena berezia da, eta hori ere asko gustatzen zaio jendeari.
Noiz izaten duzue mugimendu gehiago?
Asteburuetan mugimendu gehiago izaten dugu, ostiraletik igandera. Asteburuetan, eguneko platera bereziagoa izaten da, eta 9-10 euro inguru balio izaten du. Astean zehar, bazkariak izaten dira lanean ibiltzen direnentzat bereziki, plater handi bat.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Asko ditut buruan, baina azkenaldian asko gozatzen dut hanburgesekin, Parte Zaharreko Larra tabernan.