"Jendeari entzun izan diogu kalean bizi garela guk hala nahi dugulako, baina hori ez da horrela, inondik inora"
Bakoitzak bere historia dauka, baina Donostian bizi duten egoera lazgarriak hiru gazte hauen errealitateak batu egiten ditu.
PROFILA
Izena: Abdelali Elhakouni
Adina: 25 urte.
Herrialdea: Maroko.
Noiztik zaude Donostian? Zazpi urte eta zortzi hilabete daramatzat hirian.
Nola heldu zinen penintsulara? Melillako adin txikikoentzako zentrotik irtetean erresidentzia baimena jaso nuen eta itsasoa gurutzatu ahal izan nuen.
Izena: Mohamed Elkahan
Adina: 22 urte.
Herrialdea: Maroko.
Noiztik zaude Donostian? Soilik bi hilabete daramatzat hemen.
Nola heldu zinen penintsulara? Kamioi baten azpian sartuta.
Izena: Youssef Bougrin
Adina: 19 urte.
Herrialdea: Maroko.
Noiztik zaude Donostian? Duela hiru hilabete eta erdi iritsi nintzen.
Nola heldu zinen penintsulara? Kamioi batean ezkutatuta.
Marokoarrak dira, eta hirurek lan aukera eta etorkizun hobe baten bila egin zuten Europarako bidaia, jatorrizko herrian dituzten familiei diruz laguntzeko asmoz. Hemen topatu dutenak, ordea, ez du antzarik espero zutenarekin.
Bidaia arriskutsuak egin dituzue. Zerk eraman zintuzten horretara?
Mohamed Elkahan (M.E.): Marokon ez genuen lan itxaropenik; ez genuen etorkizunik. Nire familiak, esaterako, ez du etxebizitza propiorik eta egoera zaila bizi du. Haiei laguntzeko asmoz egin nuen Europarako bidaia.
Zer espero zenuten topatzea?
M.E.: Aukera bat lanbide bat ikasi eta lana eginez aurrera egin ahal izateko. Besterik ez.
Abdelali Elhakouni (A.E.): Lanpostu bat lortzeko helburuarekin etortzen gara, hemen gauzak errazagoak izango direlakoan.
Aurkitu duzuen egoera, ordea, ez da buruan zenutena, ezta?
A.E.: Ez, ez du zerikusirik. Duela sei urte, iristen zinenean, sei hilabetez egon behar zenuen kalean bizitzen pisu batean sartzeko aukera izan arte. Orain gauzak are okerrago daude, eta urtebetez egon behar duzu kalean bizitzen.
M.E.: Egia esan, ez nuen halakorik espero. Bizitzeko moduren bat azkar topatuko nuela uste nuen.
Youssef Bougrin (Y.B.): Nik imajinatzen nuen tarte batez kalean bizitzea tokatuko zitzaidala, baina hala ere merezi zuela erabaki nuen.
Herritarrak, orokorrean, jasaten ari zareten zailtasunez jabetzen direla uste duzue?
A.E.: Badakite, baina ez guztiz. Kalean ikusten gaituzte, baina ez dakite benetan zeinen latza den gure errealitatea. Kalean bizi behar izan duzu hori zer den ulertzeko.
Jendeari entzun izan diogu kalean bizi garela guk hala nahi dugulako, baina hori ez da horrela, inondik inora. Kalea oso gogorra da.
Halako egoera batean, normala izango litzateke pentsatzea agian Marokon hobeto egongo zinateketela. Pentsatu duzue inoiz etxerako buelta egitea?
A.E.: Pentsatu izan dut, bai, baina jada hemen zaudenean bueltatzea ez da horren erraza.
M.E.: Nik ez, hemen jarraitu nahi dut eta aurrera egin.
Y.B.: Nik ere bai. Kalean bada ere, hobeto nago hemen Marokon baino.
Egunero jasaten duzuen egoerarekin, zerk bultzatzen zaituzte hemen jarraitu nahi izatera?
M.E.: Badakigu hona ekarri gaituen hori lortuko egingo dugula, eta horrek egunero aurrera egiten laguntzen digu. Behar den guztia itxarongo dugu gure aukera lortu arte.
Zer da eskatzen duzuena?
A.E.: Behintzat ez diezazkigutela gauzak gehiago zaildu. Errolda jasotzeko epea, adibidez, ezin da horrenbeste luzatu. Izan ere, erroldarik gabe ezin dugu ikastarorik egin, ezta medikura joan, eta hori arazo handia da. Paper hori izan arte, ez gara existitzen.
Y.B.: Epe guztiak luzeegiak dira: jantokian jan ahal izateko, aterpe batera sartzeko, lan bat eskuratu ahal izateko… Eta batetik bestera igarotzen den denbora horretan guk bizi egin behar dugu.
M.E.: Kalean gaudenontzat baliabide gutxi daude, baina badakigu ere Donostian hutsik dauden gune ugari daudela. Bizirauteko modu bat bilatu behar dugu, eta etxebizitza oinarrizko beharra da.
Horregatik, hainbat gazte Moraza kaleko eraikin okupatuan ari zarete bizitzen.
A.E.: Bai, ez daukagulako non lo egin. Kalean zaudenean, polizia etengabe etortzen zaizu kalean lorik egin ezin duzula esatera. Zer egingo dugu ba?
Zer nolako jarrera sumatzen diezue herritarrei?
A.E.: Askotan, gaizkia espero dute gugandik, inolako gaizkirik egin ez dugun arren. Ulertzen duzu zer den hori? Pentsatzen dute hau edo hura egingo diegula, marokoarrak garelako. Ezagutu gabe epaitzen gaituzte.
M.E.: Begiradak nabaritzen dituzu… Askotan jendearengandik urruntzen zara, soilik begirada horiek jaso nahi ez dituzulako.
A.E.: Hala da. Gainera ez dago inolako disimulurik. Autobus geltoki batean esertzen zara eta, bat-batean, albokoak bere poltsa eskuen artean heltzen du zu hor zaudelako. Ez da atsegina.
Hala ere, esan beharra dago hemen jende oso ona ere badagoela. Zorionez, denek ez dute berdin jokatzen gurekin.
Zer izan dira zuentzat Modahara eta Harrotu Ileak bezalako taldeak?
M.E.: Une lasai eta atseginak edukitzeko aukera eskaini digute, eta gure arazoak konpontzen laguntzen gaituzte.
Y.B.: Babesa eman digute, zentzu askotan, eta hori oso garrantzitsua izan da guretzat.
A.E.: Modaharak eta Harrotu Ileakek guregatik egin dutena inguruko elkarte guztiek elkarrekin egin dutena baino gehiago da. Eta hori esan dezaket, jada denak ezagutzen ditudalako.