Kaleko gazteen ezkutuko errealitatea
Donostiara etorritako gazte magrebtarren kolektiboak zer esana eman du azken egunetan Moraza kaleko lehen zenbakiko etxearen okupazioaren harira. Guztira 140 inguru dira, marokoarrak gehienak, eta askok baldintza lazgarrienetan bizirauten dute gure hiriko kaleetan. Nortzuk dira? Zergatik datoz? Zer jasan behar dute Donostian?
Iazko Ramadanean sortu zenetik, Modahara taldeak garrantzi handiko eginkizuna bete du Donostiara apenas baliabiderik gabe heltzen diren gazte migranteen kolektiboarekin. Hainbat arlotan diharduten herritarrek osaturiko plataforma honek hamarnaka pertsonarekin egin du lan azken hilabeteetan, bi helburu zehatzekin: gazte hauei babes zibila eskaintzea eta hirian jasaten dituzten baldintza gogorrak azaleratzea.
Guztira, 140 inguru dira Donostiako kaleetan bizirauten duten gazte magrebtarrak. Gehienak Marokotik etorriak dira, baina Aljeriatik eta Afrikako beste puntuetatik etorritako migranteak ere ezagutu dituzte Modaharakoek. Dena dela euren jatorria, denek errealitate berdinarekin egiten dute topo hirira iristean: aterpe eza, poliziaren etengabeko jazarpena, herritarren azpiko arrazakeria… Eta epe labur zein ertainera zulo horretatik ateratzeko ezintasuna.
Itxaropenez beterik datozen gazte hauek aurrez aurre egiten dute topo guztiz arrotza zaien gizartearekin. Hori dela eta, Modaharak eta hiriko beste hainbat eragilek laguntza eskaintzen diete, baliabide urriekin bada ere, euren arazoak arintzeko eta beharrak ahal den neurrian asetzeko.
Hala ere, hirira heltzen diren etorkinek urteetan zehar luzatzen den prozesua jarraitu behar dute etxebizitza batean bizi edo lan bat lor dezaketen arte. Indartsuenak, zortea badute, helburu hori betetzera iritsi daitezke noizbait, baina beste asko, zoritxarrez, bidean geratu ohi dira. Donostiako kaleek bizitza asko apurtu dituzte jada.
Etorkizun hobe baten itxaropen faltsua
Hirira iristen diren gazte magrebtarren artean, bi profil desberdindu dituzte Modaharako kideek. Batzuk, txiroenek, euren herrialdean bizi duten egoera oso latza delako etortzen dira Europara. Familiek salbazio modura bidaltzen dituzte, lana lortu eta dirua bidaliz lagundu ditzaten. Gazteek, ordea, maite dituzten pertsonek haiengan duten itxaropen horren pisua euren bizkarrean jasaten dute ordutik aurrera.
Beste batzuk, aldiz, ez dira larritasun egoera batetik abiatzen, jatorrizko herrialdean gutxieneko baliabide materialak dauzkatelako: etxea, ohea, otorduetarako janaria… Hala ere, han ez daukaten askatasun baten beharra sentitzen dute, eta euren bizitzan zer egin nahi duten aukeratzeko itxaropenarekin etortzen dira. Modaharako kideen ustez, horrek lotura zuzena du telebista eta sare sozialen bidez saltzen zaien Europaren irudiarekin, erabat gezurrezkoa dena.
Tranpa horren biktimak beraiek diren arren, gazteek haien herrikideengan irudi itxaropentsu bezain faltsu hori elikatzen jarraitzen dute. Caritaseko Ander Mujikaren arabera, “zubi azpi batean lo egiten duenak ez du une hori Instagramen jarriko. Sare sozialetan, Kontxan bere lagun baten arroparekin egindako argazkia argitaratuko du, eta hori da bere jatorriko herrian ikusiko dutena”.
Gazte hauetatik, soilik gutxi batzuek aitortzen diote familiari kalean lo egiten ari dela. Pisu edo zentro batean daudela esaten diete, eta aterpean egoteko aukera dutenetan argazkiak egiteko aprobetxatzen dute, hiru egunetan hortik atera beharko direla aipatu gabe.
Errealitate kolpea: ibilbide luzea aurretik
Gazte asko Ceuta, Melilla eta Andaluziako adin txikikoentzako zentroetatik etortzen dira, hango langileek Euskal Herrian gehiago lagunduko zaiela esaten omen dietelako, Modaharako kideen arabera. “Hona iritsi eta Caritasek lehenengo harrera egiten dienean, ordea, zur eta lur geratzen dira. Aurretik dutenaren kronograma ikusten dutenean, aurpegia aldatu egiten zaie”, gaineratu dute.
Iristen direnean, hirian duten erreferentziazko lagun batengana jotzen dute normalean. Haren bitartez, Caritasera joaten dira lehenik, eta hor hitzaldi bat eskaintzen diete, hirian zein zerbitzu dauden azaltzeko. Hortik aurrera, euren arropak garbitzeko aukera izaten duten Caritasen Intxaurrondoko zentroan, eta egun osorako ematen dizkieten bi ogitarteko jasotzen dituzte egunero. Batez beste, 45 egunez elikatzen dira horrela, jantokian beraientzako leku bat libratzen den arte.
Edozein tramite egiteko ezinbestekoa den errolda eskuratzeko, berriz, ehun egun inguru itxaron behar izaten dituzte. Hilean behin, gizarte larrialdietarako udal zerbitzura joan behar dira han egiten dizkieten galderei erantzuteko, eta epe hori igarota dena ongi joan bada, erroldan sartzen dira.
Aterpe zerbitzuei dagokionez, ordea, epeak askoz luzeagoak dira. Administrazio publikoak hirian eskaintzen duen aterpe bakarrak, Mons pasealekuko Abegi Etxeak, hiru hilabeteko epean hor hiru gauez lo egiteko aukera ematen die soilik. Gainerako gau guztiak kale gorrian pasa behar dituzte, horrek askotan suposatzen dien guztiarekin: osasun kalteak, arazoak poliziarekin, alkohola eta drogak, lo egin ahal izateko medikazioak…
Zortzi hilabetez eutsi behar izaten diote egoera horri, Hotzaldi aterpean ohe bat lortzen duten arte. Ordurako, ordea, batzuek gaixotasun fisiko eta mentalak pairatzen dituzte, eta asko pilula-kaxa batekin iristen dira, lo egiteko beharrezkoa dutelako.
Bederatzi hilabete eta erdi igarota, hitzordu bat izan ohi dute aldundian, herritarren bazterkeria soziala neurtzeko zerbitzuarekin. Kasu ia guztietan, gaztea bazterkeria arriskuan dagoela ondorioztatzen du administrazioak, eta gizarte langile batekin jartzen du harremanetan. Era berean, aldundiaren tutoretzapeko pisuetarako edo edo alokairurako dirulaguntza jasotzeko itxarote-zerrendatan sartzen dituzte, eta bost edo sei hilabeteren buruan, etxebizitza baliabide bat eskuratzen dute.
Egoera horretara iritsita, gaztea ikastaroak egiten eta lana bilatzen egon daiteke, 23 urte betetzen dituen arte. Izan ere, adin horrekin Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu dezakeenez, gainerako laguntza guztiak erretiratu egiten zaizkio.
Hori, noski, kasurik onenetan gertatzen dela azaldudute Modaharako kideek. Beste batzuetan, pisuetako baldintzak edo gizarte langilearen exijentziak betetzen ez dituenean, gaztea etxebizitzatik kanporatua izaten da, eginiko ibilbide guztiaren hasierako faseetara bueltatuz.
Erasoen aurrean, ahalduntzea
Kalean bizitzen igaro behar duten epe luze horretan zehar, gazte magrebtarrak gehien kezkatzen dituen arazoetako bat poliziaren jazarpena da. Izan ere, haientzako elkarguneak diren puntuetan, udaltzain, ertzain eta Espainiako polizien sarekadak oso ohikoak izaten dira. Halakoetan, oraindik bizileku-baimena lortzeko aukera izan ez dutenek kanporatze agindu bat jasotzeko arriskua izaten dute, eta leku horiek puntu seguruak izateari uzten diote beraientzat.
Moraza kaleko lehen zenbakiko etxe okupatuan gertatzen ari dena logika horren barruan kokatzen dute Modaharako kideek: “Eraikina puntu bero bilakatu nahi dute, han bizi diren pertsonek beste leku batera alde egin dezaten”. Hain zuzen, 40 gazte magrebtarren etxebizitza den eraikinean, poliziak hiru sarekada egin ditu ekainean, hiru asteko epean.
Eraso gisa jo dituzten operazio horien aurrean, ordea, gazteek jarrera berri bat agertu dutela diote Modaharakoek: “Pixkanaka, diskurtso bat eraiki eta ahaldundu egin dira, etxebizitzarako duten eskubidea aldarrikatzeko. Pertsonak direlako eta eskubideak dituztelako”.
Horren adibide da ekainaren 7an, Arrazismoaren aurrean elkartasuna antolatzen lelopean, Morazako gazteek udaletxe parean egin zuten elkarretaratzea. Egun horretan, kalera irten ziren euren errealitatea publikoki salatzeko. Behingoz modahara (protesta, arabieraz) egiteko ordua iritsi dela erabaki dute.