"Niretzat, zoriontasuna jaikitzea, idaztea, itsasoan bainu bat hartzea eta etxera itzultzea da"
Joan den azarotik Egian bizi da Lucia Baskaran (Zarautz, 1988) idazlea, eta auzotar bat gehiago da jada. 2019an ‘Gorputz madarikatuak’ bere bigarren eleberria argitaratu du, eta hirugarrena idazten dabil buru belarri.
Taberna honen aurretik Egiako bi taberna proposatu zenituen, baina aurretik elkarrizketatu ditugun batzuek hartu dituzte. Egiatik ibiltzen zara?
Kata tabernaren parean bizi naiz, beraz, hango menua askotan jaten dut, eta Garraxira ere sarritan joaten naiz. Bukowskira joatea ere gustatzen zait, eta udan Dabadabako terrazan egotea.
Azkenean Grosen gaude. Hemendik ere ibiltzen zara?
Ibiltzen naiz, bai. Nire amak denda bat eduki zuen Grosen garai batean, eta nire mutil-lagun ohia Grosekoa zen, beraz, auzoa ezagutzen dut.
Nola ikusten duzu Donostia?
Donostian oso gustura bizi naiz, eta bizitzeko oso leku aproposa iruditzen zait, txikia delako eta askotariko kultur eskaintza duelako. Baina, aldi berean, hiria postal baten moduan saltzen ari dira, eta leku batzuetan gertatzen diren gauzak estaltzen ari dira. Bestalde, Bilboko giroa askoz gehiago gustatzen zait, iruditzen zaidalako Donostiakoak askoz ere homogeneagoak eta zuriagoak garela.
Danele Sarriugarte idazlearekin bizi zara. Nolakoa da beste idazle batekin bizitzea?
Bakarrik bizi ginen biak, eta erromantizatuta genuen bakarrik bizitzearen ideia, baina nik faltan botatzen nuen norbaitekin hitz egitea. Gainera, ohitura oso antzekoak ditugu biok: denbora asko irakurtzen ematen dugu eta oso lasaiak gara. Ondo zaintzen dugu elkar, eta oso erosoa da elkarbizitza.
Bestalde, Gorputz madarikatuak eleberriaren zirriborroa irakurri zuen lehen pertsona Danele izan zen, banekielako kritika bat egiten bazuen ere, maitasunez egingo zuela. Berak laguntza eskatuko balit, nik ere lagunduko nioke, noski.
Asko irakurtzen duzu?
Egunero irakurtzen saiatzen naiz, baina bolada batzuk daude non, ez irakurtzen saiatzen naizen. Izan ere, pentsatzen dut ideiak izateko aspertu egin behar zarela. Ni oso goiz esnatzen naiz betidanik, 5:30-6:00ak aldera, eta Danelek askotan topatzen nau kafe hotzarekin horma bati begira. Honekin esan nahi dudana da ohituta gaudela beti entretenituta egotera edo zerbait egiten egotera. Sorkuntzarako asko begiratu behar duzu zure inguruan, eta geldirik egoten ere jakin behar duzu.
Katu beltz batekin ere bizi zara?
Kontua da Amerikako Estatu Batuetan idazleak behartuta daudela biografian non eta norekin bizi diren jartzera. Niri horrek grazia egiten zidan, eta pentsatzen nuen, ‘niri zer inporta zait datu hori?’. Horregatik, txantxa moduan jarri nuen Danelerekin eta katu beltz batekin bizi naizela, baina ez du inor ulertu [barreak].
2016an zure lehen eleberria argitaratu zenuen: Partir. Nondik atera zen?
Nik betidanik idatzi izan dut, baina ez daukat unibertsitate ikasketarik, 16 urterekin ikasteari utzi bainion. Arte dramatikoa ikasi nuen Madrilen, baina bukatu bezain laster konturatu nintzen hori ez zela nik egin nahi nuena, nik istorioak kontatu nahi nituela. Horregatik, Euskal Herrira itzuli nintzenean, depresio diagnostikatu batekin itzuli nintzen, ez nekielako zer egin nire bizitzarekin. Ez nekien nola erakutsi istorioak idazteko gai nintzela, eta nire apustua Partir izan zen. Salbamendu taula bat izan zen niretzako.
Aurten Gorputz madarikatuak argitaratu duzu. Zein desberdintasun dauka Partir-ekin alderatuta?
Partir idatzi ondoren, Bartzelonara joan nintzen bizitzera, eta argitaletxe batean lan egiten hasi nintzen, oso modu prekarioan. Han nengoela, lagun batek istorio bat kontatu zidan, eta hasieran ez nekien nola heldu gai horri, baina behin eta berriro burura etortzen zitzaidan. Bi aukera nituen: Bartzelonan lan oso prekario batean jarraitu edo utzi eta idazten hasi. Azkenean, erabakia hartu nuen, eta Euskal Herrira itzuli nintzen duela bi urte. Horrela, Gorputz madarikatuak [jatorrizko bertsioan, Cuerpos malditos] idazten hasi nintzen.
Idaztetik bizi zara?
Orain ez daukat beste lanik, liburua bukatu bezain pronto nire editoreak diru aurrerapen bat eman zidan eta. Noizbehinka freelance lanak hartzen ditut, baina oso diru gutxirekin bizi naiz. Hori ere hartu nuen erabaki bat izan zen. Niretzat, zoriontasuna jaikitzea, idaztea, itsasoan bainu bat hartzea eta etxera itzultzea da.
Zer daukazu orain esku artean?
Hirugarren eleberria idazten ari naiz, baina oso goiz da oraindik horretaz hitz egiteko. Bestalde, Donostian bizitzen jarraitzea da nire plana.
Emakumeen gorputzen pertzepzioaz hitz egiten duzu zure azken eleberrian.
Emakumeon identitatea begirada maskulinotik eraikitzen da, eta horren inguruan idatzi nahi nuen. Hortik tiraka, saiakera feminista asko irakurri ditut azken urteetan, eta gai hori fikziora nola eraman pentsatzen hasi nintzen. Bestalde, liburuan heterosexualitatea ez da praktika sexual baten moduan ulertzen, baizik eta erregimen politiko bortitz baten moduan.
Bi liburuetan oso presente dago feminismoa. Zure bizitzan ere?
2012an hasi nintzen feminismoaren inguruan irakurtzen, eta asko interesatzen zait. Ez soilik feminismoa, baita emakumeen istorioak ere. Iruditegi kolektiboan dagoen pentsamendua da emakumeak beraien artean gaiztoak direla, eta gizonak, aldiz, garagardo pare bat hartuta konpontzen dutela dena. Hori ez da egia, eta gainera, uste dut emakumeen arteko harremanak gatazkatsuagoak direla intimoagoak direlako. Hau da, ikusi dudana da gizonentzat laguntasuna askoz gauza hutsalagoa dela.
Nola ikusten duzu mugimendu feminista?
Diskurtso feministaren hainbat gauza maistream-ean daude gaur egun, eta horrekin kontu handiz ibili behar dugu, kapitalak diskurtso guztiak irensteko ahalmena duelako. Zapalkuntza guztien arteko aliantzak egin behar ditugu –emakume migranteak, transexualak…–, eta pribilegiatuak garenok ez dugu hainbeste espazio okupatu behar.
Gomendatuko zenuke Donostiako idazleren bat?
Danele, zalantzarik gabe. Azkenaldian esaten ari natzaio idazten jarraitu behar duela, pena izango litzatekeelako bera bezalako idazle bat galtzea. Bestalde, Kattalin Minerrek oso ahots indartsua duela iruditzen zait eta Beñat Sarasolaren Deklaratzekorik ez nobela asko gustatu zitzaidan. Harkaitz Cano ere oso gustuko dut.
HAMABIETAN BERMUTA: Kafe hutsa baileys eta jelarekin.
Non. La Taberna del Picaro. Usandizaga kalea, 5 (Gros).
Prezioa. 1,90 euro.