Sara Hernandezek irabazi du Zinea atariko V. Kritika Lehiaketa
Sara Hernandez donostiarrak irabazi du Zinea atariko V. Kritika Lehiaketa. “Aurten ere, zinemari buruzko errepertorioa biribiltzeko asmotan, zinema-aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzeko asmoa dugu”, jakinarazi dute atarikoek. Hain zuzen, zeregin horretaz arduratuko den norbait bilatzeko helburuarekin antolatzen dute urtero kritika lehiaketa, eta aurten Hernandez arituko da horretan.
Donostiarrak 2019ko ekainetik aurrera urtebetez Zinea atarian zinema-kritikari gisa jarduteko aukera izango du, azken urteetan Uxue Arzelus, Aritz Sorzabal, Mikel Zumeta eta Zigor Etxebeste aritu diren moduan. Zinea atariaren eta Irutxuloko Hitzaren arteko lankidetzaren ondorioz, Hernandezen kritikak irakurri ahalko dituzte irakurleek ostiralero astekarian, eta Irutxulo.hitza.eus webgunean, azken hilabeteetan Zigor Etxebesterenak bezala.
Aurtengo epaimahai Kresala Zineklubeko ordezkariek, Iratxe Fresneda zinemagile eta kazetariak, eta Zineuskadi elkarteko arduradunek osatu dute. Hernandezek Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa dokumentalaren inguruan idatzi du lehiaketara aurkeztutako kritika. Bere lana goraipatu du epaimahaiak, lan bikaina dela eta “zapore gozoa” utzi diela azpimarratuz. Zinea atarikoek nabarmendu dute aurten “oso idatzi interesgarriak” jaso dituztela, “nork bere estiloan”.