Zapalduen antzerkia, elkar ahaldundu eta kaleko injustiziak azaleratzeko tresna
Harrotu Ileak proiektuak hilabeteak daramatza Tabakaleran biltzen diren gazte migranteekin antzerki obra bat prestatzen. Egindako lanaren emaitza gaur estreinatuko dute, 19:00etan, Nestor Basterretxea plazan, 'Bideak harrotzen’ izenburupean.
Irailaz geroztik, gazte migranteen gizarteratzearen aldeko lana egiten duen Harrotu Ileak taldea antzerki obra bat prestatzen ari da Tabakalerako lehen solairuan. Proiektuak bi helburu dauzka: kalean bizi diren gazteek jasaten dituzten injustiziak azaleratzea eta euren eguneroko bizi-baldintza gogorren pisua arintzen laguntzea.
Horretarako, lan egiteko metodologia berezi bat jarraitu dute, hainbat adituren laguntzarekin: zapalduen antzerkia. Antzerkia egiteko modu honek, norbanakoaren ahalduntze tresnak martxan jartzen ditu, eta gizartean ematen diren bidegabekerien inguruan hausnartzera bultzatzen ditu aktore zein ikusleak.
Azken hilabeteetan zehar, Antzerkiz taldeko Maria Zapatak gidatu ditu Harrotu Ileak-en ostiraleroko entseguak: “Egiten ari garena antzerki politikoa da, bere helburu nagusia eraldaketa soziala delako”.
Hain zuzen, Bideak harrotzen izenburua daraman obra honetan, Donostiako kaleetan aurkitu daitezkeen hainbat gai sozial jorratzen dira. Gidoia proiektuan parte hartzen ari diren gazteek idatzi dute, euren bizipen propioetan oinarrituta. “Hirian bizi dugun errealitatea zein den erakusten du, eta baita guri buruz ere hitz egiten du: zergatik etorri garen, zer espero genuen, zer topatu dugun hemen…”, azaldu dute.
Antzerkia prestatzen hasi zirenetik, guztira 100 gazte baino gehiagorekin lan egin dutela kalkulatu dute Harrotu Ileakeko kideek: “Joan etorri asko egon dira, gazteen bizi-baldintzek haien jarraitutasuna asko zailtzen dutelako”. Hala ere, pozik agertu dira proiektuan izan duen emaitzarekin: “Gazteak gogoz etortzen dira, eta pozgarria da egunero aurpegi berriren bat etortzen dela ikustea”.
Zapataren laguntzaz gain, antzerkiaren munduko beste artista batzuen ikastaroak ere jaso dituzte, hala nola, Casablancako (Maroko) Hosni Al-Mokhlis eta Sawsan Boruhilena, eta Asteazkenak Estudioko Jon Aranguren eta Maddi Zumalaberena. Gainera, Aran Vicedo batukadarekin dantza saio bat egiteko aukera ere izan zuten.
Proiektu honen emaitza gaur ezagutu ahal izango dute herritarrek, 19:00etan, Nestor Basterretxea plazan. Bere kideek aitortu dutenez, ordea, gerora obra Euskal Herriko beste leku batzuetan antzezteko ahalegina egingo dute, kontzientziak han eta hemen harrotzen jarraitzeko.